Ermua-Mallabia OLHZ eta San Pelayo Ikastetxea sarituak izan dira Ciencia en Acción lehiaketan
Ermua eta Eibar estatuko puntu ezberdinetatik nahiz Portugaldik, Estatu Batuetatik, Kolonbiatik, Mexikotik eta beste hainbat herrialdetatik etorritako proposamen zientifikoen lekuko izan dira pasatu berri den asteburuan zehar. Ciencia en Acción nazioarteko programaren XVIII. edizioa igande honetan amaitu da Eibarko Coliseo antzokian izan den sari banaketa ekitaldiarekin, eta herriko talde parte-hartzaileek emaitza onak lortu dituzte.
Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketa Zentroko neska-mutilek ohorezko aipamena eskuratu dute Zientzia eta Teknologia kategorian, Enterprise esperimentuari esker. Automozioko, ile-apainketa eta estetikako eta mekanizatuko ikasleek elkarlanean landu dute proiektu hau, eta ardatza plastikozko botila batetik abiatuta sortutako propultsio hidrodinamikoko suziria izan da. Lehiakideen taldeak erakusketa praktikoa egin zuen larunbatean Izarra Centreko atrioan, eta lanaren nondik norakoak azaldu ostean, suziri prototipoek hegan nola egiten duten ikusteko aukera izan zuten gerturatu ziren dozenaka pertsonek. Horretaz gain, sormen prozesu osoaren xehetasunak ikusgai izan zituzten Izarra Centreko erakusketan.
Bestalde, San Pelayo Ikastetxeko parte-hartzaileen taldeak ere saria eskuratu du, ohorezko aipamena, hain zuzen, Antzezlanen atalean. Desafio Challenger antzezpenari esker, Ciencia en Acción lehiaketako epaimahaiak biologia, geologia, fisika eta beste arlo zientifikoak jendaurrean modu original eta entretenigarrian aurkeztu izana saritu du. Ermuko ikasleek larunbat goizean eta arratsaldean aurkeztu zuten euren lana San Pelaio parkeko kioskoan. Bertan, gerturatu ziren herritarrek antzezlana ikusteko eta Marianetako Fosoan zer ote dagoen galderari nola erantzuten zieten jakiteko aukera izan zuten. Horrela, bidaia zientifiko-teknologiko horren bitartez eta turismo jasangarria eginez, antzezlanak proposamen ezberdinak aurkeztu zituen zientzia modu dibertigarrian hurbiltzeko.
Igande honetan Eibarren izandako sari banaketako irudiak uzten dizkizuegu, baita asteburuan zehar egindako erakustaldien uneko irudiak ere.
Lotutako albisteak
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da
Kultura eta indarkeria sexistaren aurkako 20 bideo aurkeztu dira aurtengo lehiaketara
12 kontseilari txikiek txangoa egin dute Errekalde auzora, aurtengo erronka burutzeko informazio gehiago jasotzeko