Ermuko bizilagunen %68ak bat egin du edukiontzi sistema berriarekin
Gainera, Erdikokaleko informazio bulegoa zabalik egongo da maiatzaren 16a arte
Ermuko edukiontzi sistema aldatzearen inguruko informazio kanpainak aurrera jarraitzen du, eta gero eta pertsona gehiagok bat egin dute ekimen honekin, hondakin organikoak nahiz errefusa gaika bildu ahal izateko.
Guztira 5.361 erabiltzailek jaso dute organikoa eta errefusa jasotzeko edukiontziak ireki ahal izateko txartela. 4.583 pertsona aldez aurretik ere izena emanda zeuden organikoa biltzeko sisteman, eta edukiontziak zabaltzeko giltzak zituzten etxeetan. 3.318 etxebizitzetan, aldiz, ez zuten izena eman gaikako bilketan.
Orain, Erdikokaleko informazio bulegoa zabaldu denetik, 778 pertsonak eskuratu dute txartela (lehengo giltza ordezkatzen duena), birziklapen kitarekin batera; bertan, otarretxoa, birziklatzeko poltsak eta informazio orria jasotzen dira. Hori horrela, Ermuko biztanleriaren %68ak jada badu txartela, gure herrian hondakin organikoak nahiz errefusa birziklatu ahal izateko.
Edukiontzi sistema berrian oraindik izena eman ez duten pertsonek Erdikokaleko bulegora jo dezakete, lehengo Bolintxo okindegiaren eta jaietako txosnaren lokalera (Lukre etxean, Goxo Goxo kafetegiaren aurrean). Bulego horretan sistema aldaketaren inguruko zalantzak argitzen, izen-emateak burutzen eta otarreak eta poltsak entregatzen dira.
Bulego horren ordutegia astelehenetik ostiralera 09:30etik 14:30era eta 15:30etik 19:30era da; maiatzaren 9tik 16ra bitartean, aldiz, 09:00etatik 15:00etara egongo da zabalik, eta hilaren 17tik aurrera Abiapuntura jo beharko da sistemarekin lotutako edozein gestio egin ahal izateko.
Debabarrenako Mankomunitatea pozik agertu da orain arteko harrerarekin; bulegoan guztira aurrez aurreko 754 kontsulta eta telefono bidezko 18 galdera jaso dira, eta oraindik txartel asko banatzeke dauden arren, eskualdeko beste herrien aldean pertsona gehiago interesatu direla adierazi du.
Kanpainaren kronograma
- Maiatzaren 16ra arte zabalik egongo da Erdikokaleko informazio bulegoa, eta bertan izena emateko aukera izango da. Hilaren 17tik aurrera, Abiapuntun eskainiko da arreta.
- Maiatzaren 14an edukiontziak aldatzen hasiko da Mankomunitatea, eta organikoaren eta errefusaren edukiontzi zaharrak jaso eta berriak kokatuko ditu, txartelarekin irekiko direnak. Ordutik aurrera, beharrezkoa izango da txartela izatea organikoa (edukiontzi marroia) ireki ahal izateko; errefusa, aldiz, irekita egongo da hiru astez. Ekainaren 5ean itxiko dira, eta organikoarekin bezala, honetarako ere txartela beharrezkoa izango da.
- Maiatzeko azkeneko astean zehar, gutun bidez informazioa eskainiko zaie sisteman alta eman ez duten pertsonei.
- Ekainaren 11n birziklatzeko poltsak eskuratzeko bi makina jarriko dira abian, bata Gizarte Zentroan eta bestea San Pelaion.
Sistema berriaren helburuak
Debabarreneko Mankomunitatearen datuen arabera, hiri hondakinen gaikako bilketa %40,40koa da Ermuan, eta errefusarena, aldiz, %59,60koa. Mankomunitateak jarritako helburuari jarraiki, 2020rako %60ko birziklapen tasa lortu nahi da hondakin organikoak, papera, egurra, plastikoa, beira eta metala gaika bilduz, eta 2030erako, aldiz, %65era iritsi nahi da.
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko