Mantxibar-Oterreko eta Urkoko plan bereziek parte-hartze prozesua izango dute, herritarren ekarpenak jasotzeko
Ermuko Udalak hasiera eman zien Mantxibar-Oterreko eta Urko mendiko Plan Bereziak idazteko lanei. Bi natura-gune horiek funtsezkoak dira biztanleen aisialdirako, bizi-kalitaterako eta ingurumenerako. Bi eremuek ezaugarri desberdinak dituzte, elkarrengandik hurbil egon arren, eta, horregatik, Udalak estrategia osagarriekin heldu die. Urkoko Plan Berezia inguruko natura-balioak babestu, kontserbatu eta indartzean oinarrituko da, eta Mantxibar-Oterreko Plan Bereziaren helburua, berriz, Ermuko herritarrentzat sarbidea antolatzea eta birika berde horri balioa ematea izango da.
Udalak prozesu ireki eta parte-hartzailea gauzatuko du, informazio-bilerak, dibulgazio-saioak eta parte-hartzea jasotzeko bide edo kanalak barne hartuko dituena, bi planak definitzen lagunduko duten elkarteen, giza eragileen eta, oro har, herritarren ekarpenak jasotzeko. Hori guztia, udal Gobernuak herritarren parte-hartzearekin duen konpromisoarekin bat.
Ostegunean bilera irekia Lobianon, arratseko 6 eta erdietan
Parte-hartze prozesu hori bart hasi zen -urtarrilak 29an-, bi eremuetako lursailen jabeekin egindako bilera eginez.
Datorren ostegunean –otsailak 5ean– jendaurreko informazio-saio irekia egingo da, proiektuaren helburuak ezagutarazteko eta iradokizunak jasotzeko, Lobiano kulturgunean, 18:30ean. Udalak prozesuan aktiboki parte hartzera eta bilera horretara joatera gonbidatzen ditu herritar guztiak, beren ideia eta proposamenekin espazio natural horien etorkizuna diseinatzen laguntzeko.
Hirigintzako zinegotziak urrats honen garrantzi estrategikoa azpimarratu du: "Ibilbide-orriari forma ematen ari gara, zeinak gure bi ingurune natural baliotsuenak nola zaindu, babestu eta gozatuko ditugun markatuko duen. Plan horiek herritarrekin izandako elkarrizketaren emaitza izatea nahi dugu, guztioi dagokigun espazioak direlako".
Herritarrei entzun eta planifikatu erantzukizunez
Cidek nabarmendu du lan horiek Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean aurreikusita zeuden, eta orain "urrats irmoa ematen dela aurreikuspen hura errealitate bihurtzeko, herritarrei entzunez eta erantzukizunez planifikatuz".
"Urko mendia gure nortasunaren parte da eta Mantxibar-Oterre ezinbesteko birika berdea da gure herritarren ongizaterako. Gure konpromisoa argia da: iraunkortasuna eta parte-hartzea erdigunean jartzen dituen hirigintzan aurrera egitea", bukatu du zinegotziak.
Lotutako albisteak
Ermua Inauteriak otsailaren 12tik 17ra bitartean ospatuko dira
Tailer monografikoan egin da hausnarketa Urdulizko ‘Nagusi Intelligence Center' zentroan
Koadrilen eta taldeen desfilea otsailaren 14an izango da