Azoka txikia San Pelaion egingo da abuztutik aurrera

09.07.18
Hirigintza

Ermuko Udalak jakinarazten du egun Okin Zurin egiten den azoka txikia San Pelaiora mugituko dela datorren abuztuaren 3tik aurrera, ostirala. Leziaga 1995 Construcciones empresak A-09 Zerukoa gunean hasiko dituen obrek eragin dute aldaketa; izan ere, datozen asteetan aparkalekua eta azoka txikia bertan behera utziko dituzte lanek.

Okin Zuriko obrek irauten duten bitarterako, alternatiba ezberdinak izan ditu mahai gainean Udalak. Esaterako, Orbe Kardinala plaza toki egokia izan zitekeela pentsatu zen duen kokapenagatik, baina bertan izaten diren ekimen eta ospakizun ezberdinak eta karpa eraikitzeko egingo diren lanak direla eta, atzera bota zen aukera hori.

Koexistentzia kaleak eta elizaren ingurua ere aztertu ziren azoka txikia jartzeko, baina postuak oso sakabanatuta geldituko lirateke, eta saltzaileen kamioiak aparkatzeko arazo larriak eratuko lituzke kokapen horrek.

Horrela, bada, San Pelaioko parkea izan da azoka txikia kokatzeko hautatutako lekua, Okin Zuriko obrak amaitu bitartean. Izan ere, postuak ordenatzeko toki hobea dauka San Pelaiok, eta azoka amaitu ostean gunea garbitzeko ere errazagoa izango da. Gainera, espazio segurua da, irisgarria, komun publiko bat dago bertan eta inguruko dendari eta tabernarientzat ere mesedegarria izango da.

Egun 23 saltzailek dute Ermuko azoka txikian postua jartzeko baimena, baina normalean astero 18 inguru gerturatzen dira. Saltzaileak pozik agertu dira proposatu zaien leku-aldaketarekin.

Udalak egoera ulertzea eskatzen die hiritarrei, San Pelaio gunean azoka dela eta okupatuko diren aparkalekuak direla eta. Gainera, gogorarazten du aldi baterako neurria dela, Okin Zuriko obrak amaitzen diren arte.

Bestalde, barrakek ez dute inolako aldaketarik jasango, eta ohiko lekuan kokatuko dira Santixau jaien ospakizunetarako.

Proiektua pasatu den maiatzaren 15ean azaldu zen Gai Orokorren eta Udalbatzak aztertu beharrekoen Informazio Batzordean.

Lotutako albisteak

Imagen
06.03.26
Datorren astean tren geltokiko estalkia garbituko du ETSk

Lanak astelehen eta astearte gauean egingo dira, katenaria korronte elektrikorik gabe utzi behar delako
Imagen
05.03.26
Ongaraira doan igogailua zerbitzurik gabe bi egunez, mantentze eta konponketa lanetarako

Zerbitzuz kanpo egongo da, astelehen goizetik astearte arratsaldera arte
Imagen
02.03.26
Hirigintzak zabalik du Bide Berdearen proiektuari ekarpenak egiteko epea

Martxoaren 13ra arte ekarpenak@udalermua.net helbidera bidal daitezke