San Antonioko parkinga irailera arte itxiko da trenaren obrak direla eta

11.07.18
Hirigintza

San Antonioko aparkalekua aldi baterako itxiko dute datorren astelehenean, uztailak 16, Ermuko trenbidearen zubi berria eraikitzeko lanekin jarraitu ahal izateko. Lanak aurrera eramaten ari den Aldi Baterako Enpresen Elkarteak azaldu duenez, datozen asteetan zubiaren hormigoia botatzeari ekingo diote, baita zubi berde zaharra kentzeari eta geltoki berriko nasa estaliko duen markesina muntatzeari ere.

Aparkalekua datorren irailaren 13a, osteguna, arte hartuko da, eta parkingaren beheko zatiko aparkaleku guztiak bertan behera geldituko dira. Hala eta guztiz ere, ez dira afekzio asko espero; izan ere, Euskal Trenbide Sareatik gogorarazten dutenez, abuztuan ez da mugimendu eta jarduera asko izaten herrian.

Trenbidearen zubi zaharra Artamendiko udal biltegira eramango da, eta aurreikuspenen arabera, astelehen arratsaldean 22:30ean egingo da lekualdaketa.

Bestalde, asteartean, uztailak 17, Izelaieta kaleko azken bi aparkalekuak, trenbide-pasagune zaharraren ondokoak, libre utzi beharko dira. Izan ere, 70 tonako autogrua obretako gunera sartu ahal izateko beharrezko maniobrak egiteko behar da lekua.

Gainera, uztailaren 20an, ostirala, zubiaren hormigoitze lanen lehenengo fasea hasiko da 06:00etan. Lanak 15:00ak arte luzatuko direla aurreikusten da, eta obretako zuzendaritzak afekzioen berri emango die bizilagunei, 05:00etan hasiko baitira prestaketa lanak.

Geltoki berria urtarriletik aurrera izango da abian

Ermuan errei bikoitzeko trenbidedun geltokia eraikitzeko eta herria zeharkatzen duen tren ibilbidea desbideratzeko Euskal Trenbide Sarearen (ETSren) lanek erritmo egokian jarraitzen dute aurrera. 2019ko urtarrilean geltoki berria abian izango dela espero da, eta aldi berean zerbitzuan izango dira 634 errepidearen gainetik doan zubia eta jarraian egin den tunela. Guztira, Bilbo-Donostia lineako trenbide bikoitzeko trazatu berriak 1.500 metroko luzera du. Obra osoa udaberrirako amaitzea espero da.

Ermuko geltoki berri eta modernoak 80 metro luzeko erdiko nasa izango du, eta irisgarritasun eta segurtasun gehiago izango du, ibilbidea guztiz zuzena izango baita, egungo kurba kenduz. Gainera, ibilbide berriari esker, Ermuko bizilagun talde handi bati molestiak urrituko zaizkio, eta bidaiak bi minutuan murriztuko dira.

Lotutako albisteak

Imagen
23.06.25
Orbe Kardinalaren plazako pergolaren estalkia hobetzeko lanak

Bihar hasi eta bi aste iraungo dute lanak: beirazko panelak aldatu, profilak garbitu eta estalkia zigilatuko da
Imagen
18.06.25
Ekintza bandalikoak jasan dituzte Zerukoako igogailuak eta Ongaraiko bainu publikoak

Bi ondasunak konpontzeak 6.600 euro baino gehiagoko kostua izango du
Imagen
Previo_apertura_variante_sallabente_4
13.06.25
Aldundiak ibilgailu astunak desbideratzeko trafiko-azterlana aurkeztu du

Udalak eta Ermuko Saihesbidea herri plataformak emaitzak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute ostiral honetan