Jai-giroan murgilduko da Ermua asteburu honetan

20.07.18
Kultura eta Gazteria

Ordu gutxi gelditzen dira 2018ko Santixauei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko, baina asteburu honetan jada festa izango da protagonista Ermuko kaleetan, hainbat ekitaldiren eskutik. Izan ere, ostiraletik igandera bitartean kultur eta kirol arloetako hogei bat jarduera izango ditugu herrian, gustu guztietarako modukoak.

Gaur ostirala, Santixauetako II. Padel txapelketarekin hasiko da egitaraua 15:30ean San Pelaioko pistetan. Kirolarekin jarraituz, 18:00etan beste bi jardueraren txanda iritsiko da: batetik, Betiondon futbito txapelketa lehiatuko da, eta bestetik, Orbe Kardinala plazako frontoian, paleta txapelketa. Euria eginez gero, azken ekimen hori Aritzmendi frontoian izango da.

Aurtengo egitarauko berrikuntzetako bat 19:00etatik aurrera izango dugu Orbe Kardinala plazan. Izan ere, Eibar Rugby Taldeak 8 eta 14 urte arteko neska-mutilei kirol hori probatzeko aukera eskainiko die.

Gauean, 22:30etik aurrera, txarangak playback lehiaketa tradizionalean izango dira aurrez aurre, eta horrekin amaituko dira aste osoan zehar jokatu duten txapelketa.

Musika protagonista larunbatean

Larunbateko egitaraua 08:30ean hasiko da Mallabiko San Pedro zelaian, txakurren erakustaldi-lehiaketarekin. Eguneko ekitaldirik potoloena, baina, Rulo y La Contrabanda eta Orihen taldeen kontzertu handia izango da, 22:30etik aurrera San Pelaio plazan. Eguzkia ezkutatu artean, ordea, hainbat txapelketa eta erakustaldi izango ditugu.

Futbito eta padel txapelketek aurrera jarraituko dute goizean, eta 10:00etan Urko 69an Ezetz! X. Igoera kontrolatua hasiko da. 12:00etan, bolo-palma txapelketa jokatuko da San Pelaion, eta arratsaldean, 16:30ean, XV. mus txapelketa herrikoia hasiko da Orbe Kardinala plazan.

Santixauetako kontzertu handia hasi baino ordu batzuk lehenago, 17:00etan, Senegaleko borroka erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dugu, eta 19:00etan, aldiz, dantza emanaldia eskainiko du Txindurri taldeak.

Igandean, lehiaketak eta magia

Jai-giroko asteburu handi honi amaiera emateko, ekitaldi ezberdinak proposatzen dira iganderako. Batetik, 09:30ean padel txapelketako finalak jokatuko dira, eta 10:30ean automodelismo eta xake lehiaketak hasiko dira San Pelaion eta Orbe Kardinala plazan, hurrenez hurren.

Bestetik, 19:00etan herriko Kultur Zentroek musika eta dantza jaialdia ospatuko dute Tailandiako Chanthaburi eta Siberiako Ogonki taldeekin batera. Eta, egunari amaiera emateko, Jon Zabalek magia erakusktaldia eskainiko du 22:30etik aurrera Martxoak 8 plazan.

Egitarau osoa lotura honen bitartez kontsultatu dezakezu.

Lotutako albisteak

Imagen
23.12.25
Antzokiak hiru nobedade zinematografiko proiektatuz agurtuko du urtea

‘Dracula’,‘Golpes' eta ‘Zootropolis ‘dira aurtengo azken hiru tituluak
Imagen
23.12.25
‘Semaforoa’ obraren antzezpena Antzokian

‘Logela multimedia’k haurrentzako ikuskizuna aurkeztuko du larunbateko 17:00etan, Ermua Antzokian
Imagen
22.12.25
‘El bar nuestro de cada día’ ikuskizuna Ermua Antzokian

Bakarrizketa musikala eta umorezkoa, ostiralean 20:30ean