Hilabete baino gutxiago falta da Gazte Robotikako II. Txapelketarako
Gazte Robotika Txapelketaren bigarren edizioko egoitza izango da Izarra Centre datorren irailaren 22an, larunbata. Txapelketa bi modalitatetan banatzen da, eta 10:00etatik 12:30era garatuko da Ermuko eraikineko 5. eta 11. solairuetan.
2001 eta 2009 urteen artean jaiotako gaztetxoek parte hartu ahalko dute txapelketan. Iazko Debabarrenako 7 herritako 131 ume lehiatu ziren lehenengo edizioan. Txapelketan parte hartu aurretik, neska-mutilek robotika tailerrak jasotzen dituzte euren herrietan, teknologiarekin ikasi, talde lanean aritu eta dibertitzeko.
Ermuari dagokionez, aipatutako tailerrak irailaren 3tik 6ra bitartean eskainiko dira, eta plaza guztiak beteta daude jada. Iraileko lehenengo astean zehar, Doplay enpresaren eskutik robotak eta bideojokoak sortzen eta programatzen ikasiko dute parte-hartzaileek. Ondoren, nahi izanez gero, doan izena eman dezakete Gazte Robotika Txapelketaren II. edizioan. Izen-emateak webgune honetan bete daitezke.
Txapelketaren bigarren edizio honetarako, antolatzaileek erronka berriak prestatu dituzte, gaztetxoen artean sormena eta konponbide teknologiko berritzaileak aurkitzea bultzatzeko. Horrela, txapelketa bi modalitatetan banatzen da: batetik, robotika, eta bestetik, bideojokoen sorkuntza.
Robotikaren barnean, hiru lehiaketa burutuko dira:
- Kolore kolore: Bi robotek osatutako bi talde koloreak sortzen arituko dira, sinpleak (horia, gorria eta urdina) nahiz konbinatuak (morea, laranja eta berdea); zenbat eta gehiago, hobe. Talde bakoitzak bere kolore sorta osatu beharko du, beste taldeak zikintzen utzi gabe.
- 1 vs 1: Urrutiko agintea hartu eta ahalik eta azkarren robotaren kontrola hartu beharko da. Banderatxoak jaitsi, bere koloreko blokeak tokatzen den gunera eraman, aurkariaren blokeak ezkutatu eta hari puntuak kentzeko arrapala igo. Zein izango da estrategia?
- Multikirola: Parte-hartzaile bakoitzak 3 minutu izango ditu bere iaiotasuna erakusteko: bloke multzo bat eraitsi, blokeak helmugara eraman, aroak mugitu eta saskibaloian jolastu. Robotari ezingo zaio lagundu, beraz, aldez aurretik entrenatu beharko da.
Azkenik, bideojokoen sorkuntza txapelketan, parte-hartzaileek lehiaketa baino 5 egun lehenago entregatu beharko dituzte euren lanak, gero txapelketaren barnean aurkeztu eta antolatzaileek eskatutako bi aldaketa sinple egin ahal izateko. Garrantzitsuena sormena erabiltzea izango da.
Ekimen honen helburua sektore teknologiko eta estrategikoetan bokazio berriak bultzatzea da etorkizun hurbilerako. Debegesa, Debabarrenako garapen ekonomikorako sozietate publikoak, eta Ermuko Udaleko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza alorrak zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna eta grina pizteko beharraren inguruko diagnosia eta hausnarketa partekatzen dute, ezagutzera emateak lagundu dezakelakoan.
Lotutako albisteak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute

Ermuan eratu berri da eta Santa Ana auzoan dago

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du