Aldi baterako aparkaleku murrizketak obrak direla eta
Eraikuntza obra ezberdinei egingo die aurre Ermuak datozen asteetan, bai etxebizitzak eraikitzeko, baita garraio azpiegiturak egiteko ere. Horrek herriko hainbat gunetan aparkatzeko lekuak murriztea ekarriko du aldi baterako behintzat.
A-09 Zerukoa gunean etxebizitzak eraikitzeko lanak direla eta, Okin Zuriko azoka txikia egiten zen aparkalekua ia osotasunean itxita gelditu da aste honetan. Leziaga 1995 Construcciones enpresak obrako gunea hesiekin inguratu du eta aparkatzeko leku batzuk kendu behar izan ditu obrako kamioien sarrera-irteerak burutzeko tokia uzteko.
Obra horien ondorioz jada azoka txikia lekuz aldatu behar izan zen abuztuan; harrezkero San Pelaio parkean biltzen dira merkatariak. Aste honetatik aurrera, gainera, aparkalekua bera ere bertan behera geldituko da, hogei bat plaza izan ezik. Horiek oraindik ere erabili ahalko dira, albiste honen amaieran uzten dizkizuegun irudietan ikus daitekeen moduan.
Bestalde, Lomi Power eraikineko parkinga ere itxi egingo da datozen asteetan, enpresak izandako aurreko erabilerak eragindako kutsadura kentzeko. Izan ere, Altuna y Uria elkarteak 57 etxebizitza eraikiko ditu bertan, eta promozioari hasiera emateko lehenengo lanak burutzen ari da jada. Hori horrela, lurra deskontaminatzeko lizentzia lortu bezain laster, ezin izango da Lomi Power eraikinaren barruan ibilgailurik aparkatu.
Azkenik, datorren asteazkenean, urtarrilak 16, Euskal Trenbide Sareak San Antonioko aparkalekuko beheko gune osoa hartuko du berriro, trenaren behin-behineko zubia eraisteko lanei ekin ahal izateko. Izan ere, hil honetatik aurrera Ermuko tren geltoki berria erabilgai izango da, trenbide bikoitzarekin, eta trenak tuneletik igarotzen hasiko dira, egun Gipuzkoa Etorbide atzetik pasatzen den bidea kentzeko aukera emanez.
Alternatibak eta aparkatzeko beste aukerak
Pasatu den abendutik, Sallabenteko ordainleku zaharra kokatzen zen espazioa behin-behineko aparkaleku publiko gisa zabalik dago. Ermuko auzoak ibilgailuak aparkatzeko 70 toki berri ditu horrela, eta hilabete batzuk barru beste 30 leku prestatuko dira. ETSk tren geltokian burutzen ari den lanetarako materiala biltzeko ere erabiltzen du egun espazio hori. Hori horrela, obrak amaitzen direnean, materiala bertatik kendu eta beste 30 aparkaleku erabilgarri izango dira.
Aparkalekua behin-behinekoa izango da. Izan ere, Hiri Antolamenduko Plan Nagusian (HAPN) zehazten da gune horretan plaza zabal bat egingo dela, etxebizitza babestu eta libreekin, aparkalekuekin eta erdigune irekiarekin. Hori horrela, Sallabente auzoarentzat toki garrantzitsua izango da etorkizunean. Oraindik ez dago zehaztuta noiz hasiko diren eraikuntza lanak, beraz, bitartean aparkalekua zabalik egongo da.
Bestalde, Ermuko Udala herritarrek aparkatu ahal izateko beste aukera batzuk ikertzen ari da. Baldespina Markesa parkeko txandakako aparkalekuan, esaterako, lehenengo bi orduak doakoak dira astelehenetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara. Udalbatza aukera gehiago eskaini ahal izateko proposamenak prestatzen ari da, batez ere San Antonioko aparkalekua ixteak kaltetuko dituen pertsonek etxetik gertu lekua izan dezaten.
Era berean, Izarra Centre eraikineko parkingean aparkatzeko aukera ere mahai gainean jarri du Ermuko Udalak.
Aldaketak TAOren ordenantzan
Orain egun batzuk jakinarazi genizuen moduan, Ermuko Udalbatzak aho batez onartu du herriko kale jakin batzuetan ibilgailuak denbora mugatuz aparkatzea arautzen duen Ordenantza aldatzea.
Akordio honi esker, Udal Ordenantzako 4. artikulua eta I. eranskina aldatuko dira. Hori horrela, TAO gune jakinetan aparkatzeko gehieneko denbora ordubetetik bi ordura luzatu da.
Bestalde, araudia aplikatzen den hiru guneetan ere aldaketak izango dira, eta honela geldituko dira:
- 1. zonaldea: Diputazio kalea
- Merkatu plazaren ondoan, Diputazio eta San Pelaio kaleen arteko zeharbidean, 7 plaza gehituko dira: alde batean lau eta bestean hiru. Azken hiru horiek karga-deskargarako izango dira 09:00etatik 13:00etara. Gainera, Probaleku kalean kenduko diren hiru plazak ordezkatuko dituzte, kale hori oinezkoentzat izango delarik. Ibietara doazenek eta zerbitzuetako ibilgailuek soilik igaro ahalko dute bertatik.
- Diputazio 3 eta 7 zenbakien artean, 15 plaza.
- 2. zonaldea: Karabixa kalea
- 6 plaza 1 zenbakiaren hegalean.
- 7 plaza 2 zenbakiaren hegalean. Desgaitasuna duten pertsonentzako plaza mantendu egingo da.
- 3. zonaldea: Goienkale kalea
- Goienkale eta Kantabria kaleen arteko bidegurutzetik Goienkale eta Karabixa kaleen arteko bidegurutzera, zenbaki bakoitien espaloian: 8 plaza.
- Goienkale 5etik (Lobiano) Kantabria zeharbidearekin duen bidegurutzera arte: 5 plaza gehiago.
Lotutako albisteak

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da