Anaitasuna ikastola, 50. urteurrena ospatzeko prest
Ermuko Anaitasuna ikastolak mende erdiko ibilbidea beteko du aurten, eta datorren asterako ospakizun ekitaldiak prestatzen buru belarri ari dira lanean bertako langile, kide eta laguntzaileak.
Datorren ostiralean, maiatzak 24, musikaz beteriko gau alaia eskainiko dute lau taldek Orbe Kardinala plazan. 22:15etik aurrera, Salda Dago, Issuna, Stai Zitto eta Kokein taldeak igoko dira eszenatokira ikastolaren urteurrena ospatzeko.
Hurrengo egunerako, maiatzak 25, larunbata, herri bazkaria antolatu du ikastolak plazan. Txartelak idazkaritzan erosi daitezke, eta aukeran izango dira helduentzako menua (15 euro), haurrentzakoa (10 euro) edo menu beganoa (15 euro). Kamisetak ere egongo dira salgai ikastetxean bertan; 10 euro helduenak eta 8 euro haurrenak.
Bestalde, maiatzaren 20tik ekainaren 2ra bitartean, azken 52 urte hauetan ikastetxean ateratako argazkien erakusketa izango da Lobiano Kultur Gunean. Galeria astelehenetik igandera egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara, erakusketa aretoan.
Helburua: euskara indartzea
1968. urtean, euskara eta euskal kultura garatzeko eta mantentzeko konpromisoa zuen jende talde bat ikastolako gurasoen kooperatiba izango zenaren oinarriak ezartzen hasi zen.
Umea ikastola izenarekin eman zituen lehenengo pausoak, eta geroago hartu zuen egun duen izena, Anaitasuna ikastola. Kokapen finkorik ez izateak eragindako oztopoak eta erronkak gaindituz, 1996. Urtetik Ongaraiko eraikin publikoan kokatzen da ikastetxea, eta Euskadiko irakaskuntza publikoko sarearen barne dago.
Anaitasuna ikastolak D eredua eskaintzen du Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan.
Lotutako albisteak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute

Sei helburu orokor eta 30 ekintza zehatz jasotzen ditu dokumentuak 2025-2028 epealdirako

Belaunaldien arteko tailerren bidez gatazkak saihesteko formulak landu dituzte