Musika eta jolas artean estreinatuko da Kaltxangoko oinezkoentzako gune berria

05.07.19
Hirigintza

Ermuko Udalak datorren astelehenean, uztailak 8, inauguratuko du Kaltxangoko koexistentzia espazio berria. Jai giroan estreinatuko da gunea 17:00etatik aurrera, haurren jolasekin eta musikarekin.

Udalak herriko txikienentzat tailerrak antolatu ditu oinezkoentzako plaza berrian. Horrela, 17:00etatik 20:00etara, parte-hartzaileek orri-markatzaileak egiten ikasiko dute, koloretako argizariekin murala margotuko dute eta EVA goma erabiliz Polola eraikiko dute, Ermuko txarangen sinboloa, Eremu Akademiako begiraleen laguntzaz.

18:00etan, Irulitxa fanfarreak gune berria girotuko du, eta doinu alaiak izango dira nagusi 20:00ak arte.

Oinezkoentzat prestatutako gunea

Kaltxangoko bidegurutze zaharra eta inguruak birmoldatu egin dira, koexistentzia gune bihurtu eta funtzio berriari egokitzeko, hegoaldeko saihesbidea eta biribilgunea eraiki ostean. Espazio berria BI-3344 errepideak eta inguruko etxebizitzek mugatzen dute.

Urbanizazio proiektua azken sei hilabeteetan gauzatu da, eta orain arte ibilgailuentzat izan den espazioa oinezkoen esku utzi da. Horrela, erdian parke atsegina eraiki da, bertatik igarotzeko, biltzeko nahiz bertan gelditzeko balio duena. Mailakatutako egitura du, eta inguruan berdeguneak jarri dira; landare eta zuhaitzei esker, freskotasuna eta bizitza emateaz gain, albotik pasatzen den trafikotik babestuta eta isolatuta gelditzen da plazatxoa.

Egunotan azken ukituak ematen ari dira obrari, astelehenerako guztia prest egon dadin. Hamar bat eserleku jarriko dira gune osoan zehar, herritarrek espazio hori atseden hartzeko eta inguruaz gozatzeko erabili ahal dezaten.

Guztira 300.000 euroko aurrekontua izan dute obrek. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren diru-laguntza jaso du, 32.900 eurokoa.

Lotutako albisteak

Imagen
06.11.25
Urko eta Mantxibar-Oterreko babesa indartuko du Ermuak, plan berezi bana idatziz

Udalak mendi bien Plan Bereziak idazteko lehiaketa deitu egin du
Imagen
27.10.25
Bide publikoan dauden fatxadetako pintadak garbitzeko ezohiko programa

Jabeek, erkidegoek eta errentariek eskatu ahal izango dute eta doakoa izango da udalak gain hartuko duelako
Imagen
09.10.25
Foru Aldundiak saneatu eta asfaltatu egingo du Zubiaurreko goialdea

Astelehenean hasiko dira obrak "Irudi" zaharretik "Frankfurt" tabernaren bidegurutzeraino doan tartean