Kirolak eta musika jai giroko asteburuan

19.07.19
Kultura eta Gazteria

Egun batzuk baino ez dira falta 2019ko Santixauei hasiera emango dien txupinazoa botatzeko, baina Ermua jada jai giroan murgilduta dabil. Gaur ostirala amaituko dira txarangen arteko jokoak, eta 14 taldeak aurrez aurre izango dira playback lehiaketa ezagunean. Ikuskizuna 22:30ean hasiko da Orbe Kardinala plazan.

Lehenago, arratsaldean, txapelketa ezberdinak lehiatuko dira: futbitokoa -16:00etan M.A. Blanco eta Betiondo kiroldegietan-, paletakoa -18:00etan plazako frontoian- eta padelekoa -18:30ean San Pelaioko pistetan-.

Larunbatean, hilak 20, goizean goiz hasiko da egitaraua. 08:00etan futbito txapelketako partiduak jokatuko dira udal kiroldegietan, eta 09:00etan txakurren erakustaldi-lehiaketa hasiko da Mallabiko Pedro Deunaren zelaian.

10:00etan, bi ekintza ezberdin izango dira Orbe Kardinala plazan: batetik, arku-tiro proba irekia egingo da, eta bestetik, Urko 69tan Ezetz! XI. Igoera kontrolatuari hasiera emango zaio.

Draconia taldeak mahai eta estrategia jolasei ekingo die Lobianon 10:30etik aurrera, eta ordu erdi geroago, xake partida azkarren erakustaldia hasiko da Orbe Kardinala plazan. Larunbatean ere beste hainbat txapelketa lehiatuko dira: padela (11:00), futbito (16:00) eta mus (16:30).

Arratsalde-gauean, musika izango da nagusi. 19:00etan, Txindurri Dantza Taldearen emanaldia hasiko da Orbe Kardinala plazan, eta 23:30ean, Medina Azahara talde kordobarra izango dugu San Pelaion, jaietako kontzertu handietako batean.

Igandean, uztailak 21, XVII. Blood-Bowl txapelketak emango dio hasiera egitarauari 10:00etan, San Martin plazan. Bien bitartean, San Pelaio plazan irratiz kontrolatutako autoen Ermua Hiria XXII. Txapelketa lehiatuko da, eta Orbe Kardinala plazan, berriz, Herri Arteko XXIV. Xake Txapelketa.

Ermuko Txirrindulari Elkarteak benjaminen, alebinen eta infantilen lasterketak antolatu ditu 11:00etatik aurrera Anbreko industrialdean, eta ordu berean, Peña Bolistica Montañesak bolo-palma txapelketa prestatuko du San Pelaioko bolatokian.

Asteburu indartsu honi amaiera emateko, 19:00etatik aurrera Nazioarteko Musika eta Dantza Jaialdiaz gozatzeko aukera izango dugu Orbe Kardinala plazan. Bertan izango dira Sama (Sri Lanka) eta Bert (Armenia) taldeak.

Lotutako albisteak

Imagen
19.05.25
Gazteria Zerbitzuak 'Uda Gazte Jolasak' proposamena aurkeztu du

Bi aste jardueraz lepo! Izen emateak maiatzaren 21eatik ekainaren 4ra, biak barne
Imagen
15.05.25
2025eko Santixauak: kartela eta suziriak nork botako aukeratu da

Maialen Calderonek eta Marta Fernandezek irekiko dituzte jaiak eta kartela egile katalan batena da
Imagen
14.05.25
Banarte Antzerki Tailerrak ‘Ensayo general’ muntaia aurkeztuko du

Antzokian, ostiralean, 20:30ean. Sarrera 8 euro balio du