Ermua Antzokia, zine denboraldi berriari ekiteko prest
Udako atsedenaldiaren ostean, kultur jarduerei berrekingo die Ermua Antzokiak aste honetan, irailetik maiatzera bitartean luzatuko den zine programazioaren eskutik.
Ostegun honetan hasiko da iraileko egitaraua, eta adin eta gustu guztietarako 16 pelikula eskainiko dira bertan. Hilabete honetan zehar, zineklubeko lau film, zortzi pelikula komertzial eta haurrentzako lau ekoizpen izango dira ikusgai Antzokian.
Hilero bezala, eskuragarri dago hileko zine bonoa. Txartel honek zineklubeko eta zine komertzialeko saioetara joateko aukera ematen du, pelikula bakoitzeko 1,5 euro baino gutxiago ordainduta. Iraileko bonoak 15,6 euroko prezioa du 12 zintaren truke, eta Lobiano Kultur Gunean edota Ermua Antzokiko leihatilan eskuratu daiteke.
2019-2020 zine programazioa ostegun honetan hasiko da, hilak 5, zineklub saioarekin. Bertan, Carlos Marques-Marcet zuzendariaren Los días que vendrán film kataluniarra izango da ikusgai. Pelikula sentibera eta fin honetan, euren lehen seme-alaba izan behar duen bikote baten bizitza nola aldatzen den erakusten da. Aktore protagonisten benetako haurdunaldia aprobetxatuz, esperientzia eraldatzaile hori partekatzearen zailtasunetan murgiltzen da filma, baita beldurretan, poztasunetan, aurreikuspenetan eta errealitateetan ere. Istorio intimo horrek oso kritika onak jaso ditu, eta Malagako Zine Jaialdian Pelikula, Zuzendari eta Aktore -Maria Rodriguez Soto- onenen sariak eskuratu ditu. Los días que vendrán ostegunean eskainiko da 20:30etik aurrera jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Zine komertziala larunbatean jarriko da martxan, 19:30etik aurrera, Jacques Audiard zuzendariaren Los hermanos Sisters western harrigarriaren lehenengo emisioarekin. 1850. urtea da, eta Charlie eta Elie Sisters urre sukarraren aroan bete-betean bizi dira, mundu basati eta hotzean. Eskuak odolez zikinduta dituzte, bai gaizkileenarekin, baita errurik ez duten pertsonenekin ere. Urre bilatzaile bat hiltzeko kontratatu dituzte biak, eta Oregonetik Kaliforniaraino luzatuko den ehiza gupidagabea hasiko dute. Joaquin Phoenix eta John C. Reilly aktoreak dira protagonista mendebalde urruneko munduaren argazki moderno honetan. Film bikain honi esker Zuzendari onenaren saria eskuratu zuen Audiardek 2018ko Veneziako Zine Jaialdian, baita Cesar zine frantziarraren sarietan ere. Los hermanos Sisters igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean emitituko da.
Asteburuko bigarren film komertziala Yesterday britainiarra izango da. Amodiozko komedia musikal honen eskutik itzuli da lanera Danny Boyle zuzendaria, Trainspotting eta Slumdog Millionaire filmengatik ezaguna. Honakoa da istorio harrigarri honen abiapuntua: ikuskizunaren munduan tartea egin nahian dabil musikari hasiberri bat ohartu da Beatles taldea eta euren abestiak gogoratzen dituen pertsona bakarra dela. Entretenimendua eta musika ahaztezina uztartzen ditu filmak, eta larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da ikusgai.
Igandeko haurren saioari dagokionez, 17:00etan Elkano, lehen mundu bira animaziozko euskarazko filma ikusteko aukera izango da. Munduari bira eman zion lehenengo pertsonaren abentura izugarria da. 1519an Sevillan hasi zen lur ezezagunetara bidaia, eta hiru urte geroago amaitu zen leku berean. Planetaren inguruan izandako abenturak lurra biribila dela agerian utzi zuen lehenengo aldiz.
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan