Oinez eta bizikletaz segurtasunez ibili Mugikortasunaren Europako Astean
Ermuak parte hartuko du beste urte batez Mugikortasunaren Europako Astean. Aurtengo edizioko leloa Oinez eta bizikletaz segurtasunez ibili izango da, eta irailaren 16an, astelehena, hasi eta hilaren 22an, igandea, amaituko da. Adin guztietarako ekintzak antolatu ditu Ermuko Udalak, herritar guztiek ekimen honekin bat egin dezaten.
Azpimarratzekoa da Ermuko Haurren Kontseiluaren lana, egitarauko ekitaldiak proposatzen eta antolatzen aritu baita Udaleko langileekin elkarlanean.
Jardueren programa astelehenean hasiko da herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek egingo dituzten kamiseten eta poltsen diseinu tailerrekin. Antxitxiketan Aisialdi Taldeko kideen laguntzaz, neska-mutilek mugikortasun jasangarriaren inguruko leloekin apainduko dituzte oihalak. Gainera, 3. eta 5. mailetako ikasleek gidariek kontzientzia hartzeko mezuak dituzten txartelak prestatuko dituzte, eta inguruko ibilgailuetan ipiniko dituzte. Bi ekintzak aste osoan zehar garatuko dira herriko ikastetxeetan.
Bestalde, Lehen Hezkuntzako 6. mailako neska-mutilek euren abilezia eta trebetasuna erakusteko aukera izango dute astean zehar ikastetxeetan prestatuko diren bizikleta zirkuituetan. Horretarako, ikasle bakoitzak bizikleta, kaskoa eta arropa egoki eta erosoa eraman beharko ditu. Gainera, Ermuko Txirrindulari Taldearen laguntza ezinhobea izango dute gaztetxoek.
Gainera, urtero bezala, Eskolabarri ikastetxeko ikasleek Oinez Eskolara programarekin bat egingo dute, guraso eta Hiritarren Segurtasunerako Udal Alorra lagun dituztela.
Ostiral arratsaldean hasiko dira hiritar guztientzako jarduerak, Haurren Kontseiluak proposatutako berrikuntzaren eskutik: Patingaua. 21:15etik aurrera, gau-bira egingo da San Pelaio plazaren inguruan patinete, irristailu edo monopatinetan. Zirkuituari pare bat bira eman ostean, Gaztela Leongo Elkarteak txokolatada prestatuko du parte-hartzaileentzat. Martxa dibertigarri honetan parte hartu nahi duten pertsonek kaskoa, argia eta besoko argiduna eraman beharko dituzte. Azken hori jarduera hasi baino lehen banatuko da.
Mugikortasunaren Asteko azken egunean, igandean, Bizikletaren Jaia eta Autorik Gabeko Eguna ospatuko dira. 12:00etan, ibilaldi zikloturista herrikoia hasiko da herriko kaleetan zehar. Herritar guztiei zuzendutako jarduera da, eta egingo den ibilbidea haurrentzako modukoa izango da. Orbe Kardinalaren plazatik izango da irteera, eta jada herrian finkatzen ari den bizikletaz ibiltzeko erreietatik igaroko da ibilbidea. Probaleku, San Pelaio, VI. Mendeurrena eta Zubiaurre kaleetatik pasatuko dira parte-hartzaileak, berriro plazara iritsi aurretik. Martxan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da kaskoa eta arropa egokia eramatea. Ibilbidea amaitzean, mokadutxo bat emango zaie txirrindulariei.
Ordu berean, eguerdian, bizikletak konpontzeko tailerra hasiko da plazan, Ermuko Txirrindulari Elkartearen eskutik, eta 12:30ean, ausartenek euren abilezia erakusteko tartea izango dute bizikleten ginkanan. Ordu berean, klarion mural erraldoia osatzen hasiko dira Orbe Kardinala plazan, Mugikortasunaren Europar Astea ardatz gisa hartuta.
Programa osoa hemen kontsultatu daiteke.
Mugikortasunaren Europako Astea astearte honetan, irailak 10, aurkeztu da Gai Orokorren eta Udalbatzak Aztertu Beharrekoen Informazio Batzordean. Bideoa lerro hauen ostean ikusi daiteke (3. puntua, 21:43 minututik aurrera).
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko