Patinak eta bizikletak protagonista Mugikortasunaren Europar Asteko azken txanpan
Oinez eta bizikletaz segurtasunez ibili da 2019ko Mugikortasunaren Europako Asteko leloa. Astelehenean hasi zen ekimena, eta igandera arte, hiritar guztientzako jarduerak eskainiko dira. Berrikuntza gisa, aurten Ermuko Haurren Kontseilua aritu da egitarauko ekitaldiak proposatzen eta antolatzen, Udalarekin elkarlanean.
Herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleak jada buru-belarri dabiltza Mugikortasunaren Asteko ekimenetan. Astelehenetik ostiralera bitartean, kamiseten eta poltsen diseinua, kontzientziazio mezuak dituzten txartelen diseinu eta banaketa eta bizikleten abilezia zirkuituak landuko dituzte, Antxitxiketan Aisialdi Taldearen eta Ermuko Txirrindulari Elkartearen laguntzarekin.
Bestalde, urtero bezala, Eskolabarri ikastetxeko ikasleek Oinez Eskolara ekimenarekin bat egin dute, euren gurasoen eta Udaleko Hiritarren Segurtasuna alorrarekin elkarlanean.
Asteburuan, Patingaua eta bizikleta martxa
Hiritar guztientzat prestatutako jarduerak ostiral arratsalde-gauean hasiko dira, egitarauko berrikuntza nagusiarekin: patingaua. 21:15ean hasiko da San Pelaio plazaren inguruan emango den gau-bira, eta patinete, irristailu nahiz monopatinetan egin ahalko da. Martxa dibertigarri honetan parte hartu nahi duten pertsonek kaskoa, argia eta besoko argiduna eraman beharko dituzte derrigorrez; azken hori jarduera hasi aurretik banatuko da San Pelaion bertan. Ez da izena eman behar, eta zirkuituari pare bat bira eman ostean, Gaztela Leongo Elkarteak txokolatada prestatuko du parte-hartzaileentzat.
Igandean, Mugikortasunaren Asteko azken egunean, Bizikletaren Jaia eta Autorik Gabeko Eguna ospatuko dira. 12:00etan, ibilaldi zikloturista herrikoia hasiko da herriko kaleetan zehar. Herritar guztiei zuzendutako jarduera da, eta egingo den ibilbidea haurrentzako modukoa izango da. Orbe Kardinalaren plazatik izango da irteera, eta jada herrian finkatzen ari den bizikletaz ibiltzeko erreietatik igaroko da ibilbidea. Probaleku, San Pelaio, VI. Mendeurrena eta Zubiaurre kaleetatik pasatuko dira parte-hartzaileak, berriro plazara iritsi aurretik. Martxan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da kaskoa eta arropa egokia eramatea. Ibilbidea amaitzean, mokadutxo bat emango zaie txirrindulariei.
Ordu berean, eguerdian, bizikletak konpontzeko tailerra hasiko da plazan, Ermuko Txirrindulari Elkartearen eskutik, eta 12:30ean, ausartenek euren abilezia erakusteko tartea izango dute bizikleten ginkanan. Ordu berean, klarion mural erraldoia osatzen hasiko dira Orbe Kardinala plazan, Mugikortasunaren Europar Astea ardatz gisa hartuta.
Programa osoa hemen kontsultatu daiteke.
Lotutako albisteak

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko