Asteburua gurpilen gainean Mugikortasunaren Astea amaitzeko

20.09.19
Ingurumena

Mugikortasunaren Europar Astea azken txanpan sartu da jada, eta asteburuko ekitaldiek emango diote amaiera. Gaur ostirala, irailak 20, egitarauko berrikuntza nagusietako batean parte hartzeko aukera izango dugu: patingaua.

Ermuko Haurren Kontseiluak antolatu du gaueko jarduera original hau, eta patinekin, patineteekin nahiz monopatinekin egin ahalko da ibilbidea. Bertan parte hartzeko ez da beharrezkoa izena ematea, baina bai kaskoa, argia eta besoko argiduna eramatea. Azken hori ekimena hasi aurretik banatuko da partaideen artean.

San Pelaio kalean hasiko da ibilbidea 21:15ean, Merkatu Plazaren eta Eroski dendaren artean. Hortik, parte-hartzaileak Miguel Angel Blanco Udal kiroldegiaren aurreko biribilgunera joango dira, eta ezkerretara hartuko dute Diputazio kalean behera jaisteko. Zurich tabernako izkinan berriro ere ezkerretara biratuko dute, San Pelaio kaletik parkera sartzeko, eta kioskoaren atzetik bira eman ostean amaituko da ibilbidea. Zirkuitu labur eta dibertigarria bukatzean, Gaztela Leongo elkarteak txokolatada eskainiko du parte-hartzaile guztientzat.

Igandean, hilak 22, bizikleten txanda izango da Ermuko kaleetan zehar egingo den ibilaldi zikloturistaren eskutik. Bi gurpilen gaineko festa 12:00etan hasiko da Orbe Kardinala plazan, eta herritar guztientzat moduko ibilbidea egingo da, baita haurrentzat ere. Probalekutik igoko da martxa, eta San Pelaio kaletik jarraituko du kiroldegi aurreko biribilgunera arte. Han ezkerretara hartu eta Diputazio kaletik behera joango dira txirrindulariak, eta San Pelaio kalera itzuliko dira Zurich tabernako izkinatik gora. VI. Mendeurrena kalean aurrera egin, eskuinera hartu eta Zubiaurre kalean behera, hasierako puntura itzuliko dira parte-hartzaileak, martxari amaiera emanez.

Ez da izena eman behar parte hartu ahal izateko, baina derrigorrezkoa da kaskoa eta arropa erosoa eramatea. Ibilbidea amaitzean, mokadutxo bat emango da plazan.

Jada herrian finkatzen ari diren bizikletaz ibiltzeko erreietatik igaroko da ibilbidea. Bideok laster poligonoetara iritsiko dira, pasatu den astearteko Informazio Batzordean azaldu zen bezala.

Bizikleta martxaz gain, Orbe Kardinala plazan beste ekintza batzuk ere egingo dira. Eguerdiko 12:00etan bizikletak konpontzeko tailerra hasiko da, Ermuko Txirrindulari Elkartearen eskutik, eta 12:30ean, ausartenek euren abilezia erakusteko tartea izango dute bizikleten ginkanan. Ordu berean, klarion mural erraldoia osatzen hasiko dira Orbe Kardinala plazan, Mugikortasunaren Europar Astea ardatz gisa hartuta.

Lotutako albisteak

Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da
Imagen
21.03.25
Itzali argia. Planeta defendatu

Ermuak bat egingo 2025 Planetaren Orduarekin eta bihar argiak itzaliko ditu 20:30etatik 21:30etara
Imagen
13.03.25
Edukiontzi marroia txartel berriarekin edo App aplikazio batekin bakarrik ireki ahal izango

Apirilaren 2tik aurrera txartel marroi berri bat beharko dugu Ermuan hondakin organikoak bota ahal izateko