Umore bihurria ostiral honetan Antzokian, ‘El enjambre’ antzezlanaren eskutik

25.09.19
Ermua Antzokia

Sei neskak osatutako haurtzaroko lagun taldetxo bat asteburu pasa joango da landetxe batera, beraietako baten ezkon aurreko agurra ospatzera. 30 urte izan arte koadrila osatu zuten, baina bizitzak bide ezberdinetatik eraman ditu. Orain, hamar urte geroago, ospakizunean bat egingo dute, baina urteak ez dira alferrik igarotzen, eta euren artean lotura estua sentitu arren, ezer ez da lehen bezalakoa. Edo bai…

Asteburu “eroa” izan behar zuena, are gehiago erotuko da: trapu zaharrak, aldez aurretik inoiz esan gabeko gauzak, aitorpenak, alkohola, drogak eta erlauntza. Izan ere, animalien erreinuan hobekien komunikatzen direnak erleak direla esan ohi da, eta dantzan komunikatzen omen dira…

Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Getari Etxegarai, Leire Ruiz, Naiara Arnedo eta Itziar Atienza aktoreak ditu protagonista El enjambre antzezlanak. Kepa Errastik sortu eta Mireia Gabilondok zuzendutako lana da.

Donostiako Victoria Eugenia, Gasteizko Principal eta Bilboko Arriaga antzokiek elkarlanean ekoiztutako ikuskizuna da, Nuevas Dramaturgias programaren barnean. Kepa Errasti sortzailearen arabera, “komedia bihurria eta mugarik gabea” da, eta Euskal Herriko herri txiki batean koadrilak duen garrantziaz mintzatzen da.

“Zinean eta telebistan, gizonak protagonista dituzten istorio ganberroak ikustera ohituta gaude, baina ez emakumeekin. Are gutxiago, neskak alkoholez, drogez eta gehiegikeriaz inguratuta badaude. Emaitza? Umore garratza, malkoak eta algarak baimenik eskatu gabe tartekatzen dituena”, azaldu du Errastik.

El enjambre ostiral honetan, irailak 27, izango dugu ikusgai Ermua Antzokian, 22:15etik aurrera. Sarrerak salgai daude 10 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.

Lotutako albisteak

Imagen
10.06.25
Banarte Antzerki Taldeak "Cuentra atrás" aurkeztuko du Ermuan

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian
Imagen
Fotografía del elenco de la obra de teatro Antigona
28.05.25
Sutegi antzerki taldeak ‘Antigona’ aurkeztuko du Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera
Imagen
27.05.25
Ermua Antzokiak denboraldiko azken lau filmak proiektatuko ditu

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu