‘Agur Etxebeste!’ eta Woody Allenen azken lana, asteburu honetan Ermua Antzokian
Zinez betetako aste berri bati ekitear da Ermua Antzokia, eta gustu guztietarako lau zinta berri aurkeztuko dizkigu datozen egunetan. Betiko moduan, egitaraua ostegunean hasiko da zineklub saioaren eskutik, eta bertan ikusgai izango dugu Midsommar beldurrezko filma. Hereditary lanagatik ezagun egin den Ari Aster zuzendariaren azken lana da hau, eta une zailetatik igarotzen ari den bikote estatubatuar bat aurkezten digu. Lagunekin batera, 90 urterik behin Suediako herrixka galdu batean ospatzen den Midsommar udako jaialdi koloretsu bezain berezira joango dira biak. Eguzkia sekula ezkutatzen ez den leku horretan, euren ametsetako oporrak pasatzeko asmoz elkartuko dira lagunak, baina pixkanaka amesgaizto ilun bilakatuko da egoera, herritar misteriotsuek euren festa jarduera beldurgarrietan parte hartzera gonbidatzen dituztenean. Midsommar ostegun honetan, urriak 17, 20:30etik aurrera eskainiko da azpititulatutako jatorrizko bertsioan.
Asteburu honetako zine komertziala larunbatean hasiko da, 19:30ean, Agur Etxebeste! filmaren lehenengo emisioarekin. Aupa Etxebeste! ezagunaren jarraipena da, eta Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendarien aginduetara jarri da beste behin Ramon Agirre, Elena Irureta eta Iban Garate aktoreek osatutako familia xelebrea. Oraingoan, “osasun arazoak” direla eta, alkatetza uztera behartuta ikusten da Patrizio Etxebeste. Udaleko agintea ez galtzeko asmoz, Maria Luisa bere emaztea herriko lehenengo emakumezko alkatea izendatzen du. Maria Luisak oso serio helduko dio, baina, bere lan berriari, eta udaletxeko funtzionamendua goitik behera aldatuko du, Patriziorekin duen harremana eta etxeko giroa hankaz gora jarriz. Komedia dibertigarri hau euskaraz emitituko da, eta larunbataz gain, igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere ikusgai izango da.
Asteburuko bigarren film komertziala Woody Allenek zuzendutako Día de lluvia en Nueva York amodiozko komedia izango da. Timothée Chalamet eta Elle Faning aktoreek emango diote bizia Gatsby eta Ashleigh bikote gazteari. Unibertsitateko ikasle maiteminduak New Yorkera joango dira asteburu pasa, eta han, sormen krisia igarotzen ari den Roland Pollard zinemagile famatua elkarrizketatuko du neskak. Abentura horretan zehar, Francismo Vega aktore erakargarria ezagutzeko aukera izango du. Bien bitartean, Gatsbyk Chan neska gaztearekin topo egingo du, eta bere sentimenduak argitzen lagunduko dio mutilari. Asteburu euritsu horretan topaketa, gaizkiulertu eta akats ugari izango dituzte. Día de lluvia en Nueva Yorklarunbatean 22:00etan eta astelehenean 19:30ean eskainiko da.
Haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etan hasiko da Dora y la ciudad perdida. Bere bizitzako urte gehienak gurasoekin oihana ikertzen pasatu ostean, Dora ez dago prest sekula bizi izan duen abenturarik arriskutsuenari aurre egiteko: institutua! Ikertzaile izaera nagusi, Botas tximua, bere lagunik onena; Diego, oihaneko bizilagun misteriotsua; eta nerabe talde ero batek osatutako koadrilaren buru jarriko da Dora, euren gurasoak salbatu eta urrezko hiri galduaren misterioa argitu ahal izateko.
Informazio gehiagorako, kontsulta ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.
Lotutako albisteak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan