Herriko merkataritza modernizatu egingo da ‘Digital Commerce Ermua’ proiektuaren eskutik

18.10.19
Ekonomi Sustapena

Interneten eta sare sozialetan presentzia izatea funtsezkoa da gaur egun, merkataritza bizia, dinamikoa eta aktiboa lortzeko. Eraldaketa digitala beharrezkoa da enpresentzat, baita tokiko merkataritzarentzat ere, eta ia-ia betebeharra da salmentei eusteko eta gero eta lehiakorragoa den ingurune ekonomiko honetan bizirik irauteko.

Salerosketa modu berriek ezinbesteko egiten dute tresna jakin batzuekin egunean egotea, eta testuinguru horretan sortu da Digital Commerce Ermua proiektua. Berrikuntza ekonomikoaren ardatz estrategikoaren barruan, Ermuko Udalak ekimen hau sortu du aipatutako esparruetako prestakuntza indartzeko eta, horrela, tokiko enpresek baliabide gehiago izango dituzte aldaketa ekonomikoei aurre egiteko.

Iaz zuntz optikoko sarearen azpiegitura hobea jarri zitzaion tokiko merkataritzari, eta ekimen hau gure establezimenduen modernizazioari jarraipena emateko asmoz dator.

Proiektu honen garapena erraza da: pertsona bat herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu guztietatik pasatuko da datuak biltzeko. Ondoren, Digital Commerce Ermua proiektuari buruzko informazio interesgarria bidaliko zaie, datak, espazioak eta Ermuko Udalaren sustapen ekonomikoaren esparruan interesgarri izan dakiekeen beste edozein informazio zehaztuz.

Ondoren, interesa duten pertsonek oinarrizko prestakuntza jasoko dute, bi mailatan banatuta, sare sozialei, Google My Business tresnari, marka-irudi on baten garrantziari, posizionamenduari eta abarri buruzkoa. Prestakuntza praktiko horretan, kasuz kasu landuko dira gai hauek: logotipo egokia aukeratzea, argazkien bidez produktuei etekina ateratzea, negozioa Googlen kokatzea, xede-publikora iristea edo sustapen-kanpainak egitea.

Astebetean, tailerrean ikasitakoak landuko dituzte, eta adierazleen bidez, establezimendu irabazle bat aukeratuko dute. Geroago, Cada comercio con su tema izeneko ekitaldia egingo dute, eta bertan sariak banatu eta networking-a egingo dute.

Digital Commerce Ermuaren helburu nagusiak, beraz, behar guztietarako egokiak izan daitezkeen tresna digital errazak eskaintzea da, prestakuntza eta aholkularitza indibidualizatuaren bidez. Horrela, Ermuko saltokien eta ostalaritzaren digitalizazioari dagokionez posizioa hobetuko da.

Lotutako albisteak

Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat
Imagen
17.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldia egingo Ermuan

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik