‘Inondik inora’, haurrentzako antzerkia ingelesez eta euskaraz
Benetan Be antzerki taldeak Inondik inora haurrentzako antzezlana aurkeztuko du larunbat honetan, urriak 26. Emanaldia 17:00etan hasiko da Ermua Antzokian.
Postari batentzat oso garrantzitsua da beti erne egotea eta beti sasoian mantentzea. Ez da lan makala postariok egin behar duguna, etxerik etxe, kalerik kale, mendirik mendi, bide, aire eta itsaso zabaletan zehar. Beti zehatz eta zorrotz. Ezin da inondik inora paketerik zabaldu, gutunik ireki edo postalik irakurri. Inondik inora ere ez.
Umorea eta poesia, zuzeneko musika eta panpinak, euskara eta ingelesa uztartuz, jakinmina eta desobedientzia sustatzen dituen haurrentzako antzezlana da Inondik inora. Gauza mordoa 50 minutuko formatu txiki-ertaineko 3 urtetik gorakoentzako familia ikuskizun baterako. Benetan harritzekoa da zenbat gauza sar daitezkeen postari baten zorroan!
Patricia Urrutia da obraren egile eta protagonista, eta Jon Zumelaga eta Aiora Sedano izango ditu ondoan eszenatoki gainean. Jon Koldo Vazquez da zuzendaria.
Benetan Be antzerki taldetik azaltzen duten moduan, “gure seme-alabei elkarbizitzen, arauak betetzen, zuzen jokatzen, enpatia garatzen eta euren buruak zaintzen derrigorrez irakatsi behar diegu. Eta libre nahi ditugu, pozik, burujabe, gorputzjabe, jakinminez gainezka, bidegabekeriei eta zentzugabekeriei kontra egiten, euren buruari eta izaerari entzuten eta desobeditzen.”
Sarrerak salgai daude 4 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.
Lotutako albisteak
Aste honetan "Bugonia", "Los Tigres", "Die, my love" eta "Cuerpos locas" proiektatuko ditu.
Programazioa askotarikoa da eta musika, antzerkia, umorea, dantza, zirkua eta familia ikuskizunak biltzen ditu
‘Badakizu plastikozko loreak ez direla inoiz bizi izan, ezta?', antzelana, ostiralean 20:30ean