‘Lur’, onarpenera bidaia eszenatoki gainetik
Xake Produkzioak taldeak Lur antzezlana aurkeztu du, Kepa Errastik sortu eta Getari Etxegaraik zuzendutako publiko guztientzako obra. Ikuskizuna ostiral honetan, azaroak 29, izango dugu ikusgai Ermua Antzokian.
Julian jostailu denda zahar bateko jabea da. Egun gutxi barru Ane bilobak zortzi urte beteko ditu, eta opari berezi bat presatzen ari zaio: berarentzat propio egindako panpina. Anek eta Julianek bidaia zirraragarri bat hasiko dute panpinarekin batera, desio guztiak betetzen dituen izar magiko baten bila. Itxuraz abentura adimentsua dirudien arren, Aneren eta bere aita Jonen arteko harremana hobetzen lagunduko du. Izan ere, Jonek onarpen arazoa dauka, Ane mutila baita.
Erika Olaizola, Mikel Laskurain, Kepa Errasti eta Nerea Gorriti aktoreak ditu protagonista antzezlanak. Haurren transexualitatea du mintzagai, baina pertsonak garen bezala maitatuak eta onartuak izateko dugun beharraren ikuspuntutik. Gainera, seme-alaben eta gurasoen arteko harremanetan sor daitezkeen konplikazioak, beldurrak, jolasaren garrantzia, fantasiak gatazken konponbidean jokatzen duen papera, emozioak eta maitasuna bezalako hainbat gai erakusten ditu.
Kepa Errasti antzezlanaren sortzaileak berriki egindako elkarrizketa batean azaldu bezala, "emozioetan oinarritutako ikuskizuna da; haur transexual bat du protagonista, baina istorioa hortik harago doa. Den bezala onartzen ez duten pertsona baten istorioa kontatu nahi genuen".
Istorio hunkigarri hau ostiral honetan 20:00etatik aurrera izango da ikusgai. Sarrerak 8 eurotan daude salgai Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotariko kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Ermua Antzokiko leihatilan.
Lotutako albisteak

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu