Udaltzaingoak lehenengo auto %100 elektrikoa estreinatu du
Ermuko Udaleko Hiritarren Segurtasunerako alorrak trafikoa eta garraioak zaintzeko eta antolatzeko eta seinalizaziorako ibilgailu berri bat du eskura aste honetatik aurrera. Renault Kangoo bat da, polizia-materialez hornitutako %100 elektrikoa den furgoneta bat.
Ibilgailu horrekin, Ermuko Udaltzaingoak errotulatutako eta beharrezko materialekin ekipatutako bi auto ditu: lur orotako Ford Kuga bat eta aipatutako Renault elektrikoa.
Auto ekologiko berriak Udaltzaingoaren ekipoak eta ibilgailuak modernizatzeko planari erantzuten dio, eta ekipatu eta errotulatu gabeko turismo bat -15 urteko Kia Rio bat, gasolina-motorrekoa- furgoneta indartsuago, eraginkorrago eta iraunkorrago batekin ordezkatu da.
Autos Iglesias S.L. esleipendun enpresari alokatu dio autoa Udalak, urteko 12.850 euroren truke, BEZ barne.
Ordezkapen hori, gainera, finantza-inbertsio jasangarria da; azkeneko urteetan izandako esperientziatik ondorioztatzen da polizia-ibilgailuak mantentze lanak barne dituen errentamenduaren bidez kontratatzeak, gehienez ere lau urterako, autoaren mantentze-egoera ezin hobea bermatzen duela kontratua amaitu arte. Gainera, auto elektrikoa izanik, Ermua gero eta jasangarriagoa izan dadin laguntzen du.
Ezaugarri teknikoak
Ibilgailu elektrikoak 70 kilometro inguruko autonomia dauka, eta bateria osorik kargatzeko 7 ordu behar ditu. Alboko ate handi bat du, eta bertatik autoaren atzealdera sartzen da; han, polizia-materialerako hainbat euskarri jarri dira: baliza-zintak, botikina, su-itzalgailua, linternak, kono eta baliza islatzaileak, ahuntz-hanka, kristalak apurtzeko mailua, zizailak eta aterki motako seinaleak jasotzen ditu, besteak beste.
Ibilgailuak atzeko kamera bat ere badu, eta sei argi urdin aurrealdean, alboetan eta atzeko aldean, ikuspena hobetzeko.
Enpresa esleipenduna arduratu da, gainera, udaletxeko patioan auto elektrikoaren karga-puntu bat jartzeaz, Udaltzaingoak ibilgailua beti prest izan dezan.