‘Ventajas de viajar en tren’ eta ‘Adiós’ filmekin hasiko da abenduko zine programazioa

03.12.19
Ermua Antzokia

2019ko azkenengo hilabeteko emanaldietarako prest da Ermua Antzokia, eta publiko guztientzat moduko egitaraua osatu du. Jai giroz eta festaz betetako hilabete honetan 16 pelikula eskainiko dira: lau zineklub saioetan, zortzi zine komertzialean eta beste lau haurrentzako emanaldietan.

Hilabete honetako bonoarekin zineklubeko eta zine komertzialeko 12 pelikula ikusteko aukera izango dugu, bakoitzeko 1,3 euroren truke. Beraz, abenduko bonoak 15,6 euroko prezioa izango du, eta jada salgai dago Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokiko leihatilan.

Asteko zinea ostegunean hasiko da, hilak 5, zineklub saioaren eskutik. Bertan, The farewell filma eskainiko da, Lulu Wangek zuzendu eta Awkwafina, Tzi Ma eta Jim Liu protagonista dituen drama komedia. Benetako gezur batean oinarritutako alegia dibertigarri honek Billi emakume txinatar-amerikarra aurkezten digu. Gogo gutxiz bere jaioterrira itzuliko da bisitan, eta bertan, bere amona maiteari aste batzuk baino ez zaizkiola geratzen jakingo du, baina familiak amonari ezer ez esatea erabaki du. Azken une horietaz gozatzen saiatuko dira guztiak, eta familiako ezkontza batean bilduko dira. Billik itxaropenen eremu mindu batean nabigatzen duen bitartean, ospatzeko asko dagoela deskubrituko du: txikitan atzean utzi zuen herrialdea hobeto ezagutzeko aukera bat, amonak bizitzari aurre egiteko duen modu zoragarria eta esan gabe geratzen dena baino haratago lotzen jarraitzen duten loturak. The farewell ostegunean emango dute, 20:30ean, jatorrizko bertsioan, azpitituluekin.

Zine komertziala larunbatean hasiko da 19:30ean, Ventajas de viajar en tren filmaren lehenengo emisioarekin. Aritz Morenok zuzendutako komedia beltz honetan Luis Tosar, Pilar Castro, Ernesto Alterio, Quim Gutiérrez, Belén Cuesta eta Macarena García bezalako izen handiak izango ditugu ikusgai. Helga Pato editore gaztea ez da bere bizitzako unerik goxoenak igarotzen ari, bere senarra psikiatria zentro batean utzi berri baitu. Etxera bueltako trenean, Angel Sanagustin psikiatra ezagutuko du, senarra utzi duen klinika berean lan egiten duena, pazienteek idazten dituzten testuen bitartez nortasun nahasmenak aztertzen. Bidaia horretan zehar, Angelek inoiz aurre egin behar izan dion kasu kliniko ilun eta lizunena kontatuko dio Helgari: Martin Urales de Ubeda pazientearena. Martin gaixo paranoiko izugarri arriskutsua da, zaborrarekin obsesionatua dagoena. Ventajas de viajar en tren igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere izango da ikusgai.

Asteko bigarren pelikula komertziala Adiós izango da, Paco Cabezasek zuzendutako thrillerra. Mario Casas, Natalia de Molina, Ruth Díaz eta Carlos Bardem ditu protagonista zinta honek. Juan hirugarren graduko presoa eta familiako aita da, eta Sevillara, alabaren jaunartzera joateko baimena lortu du. Neskatoaren ustekabeko heriotzak, ordea, polizia ustelkeria eta narkotrafiko sarea agerian utziko du. Eli inspektorearen eskuetara iritsiko da kasua, eta poliziaren sektore baten eta neskatoaren aitaren mesfidantzei aurre egin beharko die; azken horrek, gainera, mendekua hartu nahi du bere kabuz. Adiós larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean eskainiko da.

Haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etan Asto Erregea filma eskainiko da. Animaziozko pelikula dibertigarri hori euskara hutsean emitituko da. Lehoi Erregeak, oihaneko agintariak, jubilatzeko erabakia hartu du, eta hauteskundeak deituko ditu. Mangu asto apala zoriontsu da bere garbitzaile bizimoduarekin, baina ustekabean herritarren hautagai bihurtuko da, eta Hantusteusi, Lehoi Erregearen legezko oinordekoari, aurre egin beharko dio. Manguk ez daki, ordea, bere hautagaitza Miss Fina erregearen laguntzailearen plan ilun bat dela, bere aginduei jaramon egingo dien hautagai baten bitartez boterea mantendu ahal izateko.

Informazio gehiago behar izanez gero, ikusi ezazu Ermua Antzokiaren mikrositea.

Lotutako albisteak

Imagen
13.05.25
‘Los pecadores’ eta ‘Muy lejos’ filmak Ermua Antzokiaren asteko zine proposamenak

Asteko karteldegian baita ‘La historia de Souleymane’ eta ‘Una noche en Zoopolis’ daude
Imagen
07.05.25
Korrontzi eta Alboka Musika Eskolako Bandaren kontzertua

Ermua Antzokian, ostiraleko 20:30 etan. Sarrerak 10 euro
Imagen
06.05.25
"Sorda" eta "Confidencial", asteko zine egitarauko protagonistak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan