Haurtzaroko eta nerabezaroko portaeren inguruko hitzaldia San Pelaio Ikastetxean
San Pelaio Ikastetxeko Liburutegian hitzaldia izango da larunbat honetan, urtarrilaren 25ean, Garuna eta jokabidea haurtzaroan eta nerabezaroan izenburupean. Jose Ramon Gamo neuropsikologoak zuzenduko du solasaldia, eta 11: 00etan hasiko da.
Gamo CADE zentroen – Hezkuntza Aniztasunaren Arretarako Zentroen – kide fundatzailea da, eta aditua da Entzumenean eta Hizkuntzan, Haurren Neuropsikologian eta Garapenean. Horrez gain, Hezkuntza Aktiboa Fundazioko zuzendari teknikoa da, baita arreta hezitzaile eta psikologikorako Lumen proiektuaren zuzendari psikopedagogikoa ere.
Patologiatik bokaziora igaro zen Gamo; izan ere, 16 urterekin espezialista talde batek dislexia eta arreta defizita gainditzen lagundu zion, eta ikaskuntzaren nahasmenduei buruz ikastera animatu zuten, haurrei lagundu ahal izateko.
Garuna eta jokabidea haurtzaroan eta nerabezaroan hitzaldian, Gamok familiei zalantzak eta galderak eragiten dizkieten hainbat egoera argituko ditu. Nola garatzen dira gure seme-alaben garunak? Zer-nolako eragina izaten dute aldaketa horiek euren portaeretan? Nola lagundu dezakegu?
Hitzaldira joateko interesa duten pertsonek izena eman beharko dute ikastetxeko idazkaritzara joanda edota 943 17 04 68 telefono zenbakira deituta.
Lotutako albisteak
Urtarrilaren 26tik otsailaren 7ra, bigarren lauhilerako
5.000 eta 20.000 biztanleko udalerrien artean ekimenik onenarena jaso du
Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian