Imanol Arias Ermura itzuliko da 'El coronel no tiene quien le escriba' antzezlanarekin

05.02.20
Ermua Antzokia

Ermua Antzokiak gure herriak izan duen bizilagun ezagunenetako bat hartuko du ostiral honetan, otsailaren 7an. Imanol Arias aktoreak lehen aldiz bisitatuko du herriko eszenatokia, El coronel no tiene quien le escriba antzezlana taularatzeko.

Koronel zaharra eta bere emaztea miseria gorrian bizi dira, gobernuaren gutun baten zain. Gerrako zerbitzuengatik agindutako pentsioa emango diotela jakinarazi behar diote gutun horretan.

Halere, gutuna ez da iristen, eta bitartean, bikote zaharra ozta-ozta bizi da, pobrezia latzean. Gainera, borroka-oilar bat elikatu behar dute, bizirik irauteko duten itxaropen bakarra baita. Denborak aurrera egiten du, eta gutuna heltzen ez denez, erabaki bat hartu beharko dute: oilarra elikatzea edo beraiek biak elikatzea. Herritarren diruzalekeria, ustezko lagunen lukurreria, halabeharra eta gerraren ergelkeria gehitzen zaizkio koronelaren bakardadeari. Bizitzak behea jota utzi du, baina bi altxor ditu oraindik koronelak: emaztearen maitasuna eta bere duintasuna.

Koronel zaharraren tragedia munduko bidegabekerien isla da. Patuak aurkezten dizkion zailtasunen aurrean duen erresistentzia gaitasuna mugagabea da; gainera, gizakiengan duen fedea eta itxaropena bezain indartsua den izaera errebeldeak gidatzen du bide horretan.

El coronel no tiene quien le escriba Gabriel Garcia Marquezek idatzitako izen bereko eleberrian oinarritzen da, eta Natalia Gruesok antzerkira moldatu eta Carlos Saurak zuzentzen du. Haurtzaroaren eta gaztaroaren zati handi bat Ermuan igaro ostean, berriro herrian izango dugu Imanol Arias, antzezlaneko protagonista. Ondoan izango ditu, eszenatoki gainean, Cristina de Inza, Jorge Basanta, Fran Calvo eta Marta Molina.

80 minutuko iraupena du antzezlanak, eta 22:15ean hasiko da ostiral honetan Ermua Antzokian. Sarrerak salgai daude 15 euroren truke Lobiano Kultur Gunean, BBKren orotarako kutxazainetan, Kutxabanken webgunean eta, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, Antzokiko leihatilan.

Lotutako albisteak

Imagen
10.06.25
Banarte Antzerki Taldeak "Cuentra atrás" aurkeztuko du Ermuan

Antzezlana ostiral honetan izango da 20:30etatik aurrera Ermua Antzokian
Imagen
Fotografía del elenco de la obra de teatro Antigona
28.05.25
Sutegi antzerki taldeak ‘Antigona’ aurkeztuko du Antzokian

Sofoclesen lan klasikoa ostiral honetan izango da ikusgai, 20:30etik aurrera
Imagen
27.05.25
Ermua Antzokiak denboraldiko azken lau filmak proiektatuko ditu

Aste honetan ‘Una quinta portuguesa’, ‘La niña de la cabra’, ‘Faisaien irla’ eta ‘Moon, mi amigo panda’ ikusi ahal izango ditugu