'4.0 erakundeak - Teknologiatik haratago' jardunaldia izango da Izarra Centren

14.02.20
Ekonomi Sustapena

Ermuko Udalak ezagutza eta esperientziak partekatzeko jardunaldi bat antolatu du, 4.0 erakundeak – Teknologiatik haratago izenburupean. Ekitaldia otsailaren 26an eta 27an izango da Izarra Centre eraikinean, eta Innpulso Sareak kofinantzatzen du. Izan ere, Ermua, Terrassako Udalarekin batera, Zientzia eta Berrikuntzaren Hirien Sareko presidentea da.

Erakundeok 180 graduko aldaketa emateko unea iritsi da, ez bakarrik teknologikoki datorkigunagatik, baizik eta teknologia berriek eskatuko duten aldaketa kultural horretarako pertsonak prestatzeko moduagatik. Beraz, nola egokitu behar dugu antolakuntza-kultura, bizitzen ari garen iraultza teknologikoa onuragarria izan dadin pertsonentzat eta erakundeentzat?

Horretarako, eraldatu behar dugun antolaketa ereduaren inguruko hausnarketa egin beharko dugu, aldaketa egin eta teknologia berrietara egokitzeko, profil profesionalak zehazteko eta estrategien xedea eta ikuspuntua berrikusteko.

4.0 erakundeak – Teknologiatik harago ekitaldian laugarren industria-iraultzak (4.0) dakarren trantsizioari egokitzeko pertsonek dituzten gaitasun eta premiak aztertuko dira. Gainera, trantsizio horrek pertsonengan duen eragina neurtu nahi da, aurrerapen teknologikoei dagokienez.

Jardunaldi nagusia otsailaren 27an izango da, ostegunean, eta erakundeetako ordezkariek eta 4.0 ekosistemarekin eta enpresen digitalizazioarekin lotutako adituek parte hartuko dute bertan. Hitzaldi-blokeak, mahai-ingurua eta lan-dinamikak izango dira, pertsonek 4.0 mundura egokitzeko duten gaitasunari eta trantsizio horren eta aurrerapen teknologikoak hartzearen eraginari buruzko esperientziak partekatzeko.

Egun bat lehenago, hilaren 26an, Innpulso Sareko kide diren hirietako ordezkariekin tailerrak egingo dira, topaketako gai nagusiak landu eta prestatzeko.

Jardunaldiko programa

4.0 erakundeak – Teknologiatik haratago otsailaren 27an hasiko da, osteguna, 09:30ean Izarra Centre eraikineko bosgarren solairuan. Erakundeen ongietorria egingo da lehenbizi, eta bertan izango dira Innpulso Sareko presidenteak, Juan Carlos Abascal alkate ermuarra eta Jordi Ballart (Terrassako alkatea), Teresa Riesgo Berrikuntzako Espainiako Estatuko Idazkaria eta Teresa Laespada Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna sustatzeko Foru Diputatua.

Eguneko lehenengo hitzaldian trantsizio digitalaren aurrean erakundeek dituzten erronkak eta ezagutzaren gizarteko pertsonak izango dira mintzagai, Alfonso Unceta EHUko Soziologia Katedradunaren eskutik.

Ondoren, alor ezberdinetako adituen bi panel burutuko dira: batetik, ‘Erakundeak laugarren industria iraultzaren aurrean - industria eta Administrazio Publikoa’ landuko da, eta bestetik, ‘Laugarren iraultza industrialaren erakunde bultzatzaileak – Konponbide teknologikoen eskaintzaren ikuspegia’.

13:00etan taldekako lan dinamikak hasiko dira, parte-hartzaileen artean esperientzia eta iritzi ezberdinak partekatu ahal izateko, eta jarraian, adituen azkeneko mahai-ingurua egingo da, industria eta administrazio publikoaz aritzeko.

Jardunaldiari amaiera emateko, Esther Lopez Terrassako Udaleko Berrikuntza Zuzendariak egunak emandakoaren ondorioak azalduko ditu, eta networkingari bide emango dio, parte-hartzaileek euren ikuspuntuak, bizitakoaren inpresioak eta esperientziak partekatzen jarraitzeko aukera izan dezaten.

Lotutako albisteak

Imagen
09.07.25
2025-2026 ikasturterako materiala herriko dendetan erosteagatiko laguntzak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute
Imagen
04.07.25
EkiElkar: herrian dugun lehenengo Tokiko Energia Komunitatea

Ermuan eratu berri da eta Santa Ana auzoan dago
Imagen
04.07.25
Bizkaia Gazteak Durangaldea jarduerak gazteriarekiko konpromisoari eutsiko dio

Irailetik aurrera, prestakuntza-, orientazio- eta ongizate-jardueren agenda edukiko du