Astelehenean hasiko dira Goienkaleko ezponda egonkortzeko lanak

04.03.20
Hirigintza

Ermuko Udalak Goienkale kaleko ezponda sendotzeko eta finkatzeko lanei ekingo die modu subsidiarioan. Leizaran Geologia eta Geoteknia enpresak duela hilabete batzuk egindako azterketa geoteknikoaren ondoren, lanak datorren astelehenean, martxoaren 9an, hasiko dira, eta afekzio ezberdinak eragingo dituzte inguruan.

Ezponda egonkortzeko proiektua otsailaren 25ean, asteartea, aurkeztu zen Gai Orokorren eta Udalbatzak aztertu beharrekoen Informazio Batzordean. Gainera, joan den asteartean, martxoak 3, Goienkaleko finken administratzaileekin eta komunitateen jabeekin bildu ziren Udaleko arduradunak, lan horien inguruko xehetasun guztiak azaltzeko.

2015eko martxoaren 22an luizia izan zenetik, ezponda egonkortzen saiatzeko hainbat lan egin dira Goienkalen. Oraingoan, behin betiko konponbidea bilatu nahi da, eta fase desberdinetan egingo dira obrak, trafikoaren eta aparkalekuen arloan eragingo dituzten eraginak ahalik eta gehien murrizteko.

Datorren astelehenetik aurrera, hilak 9, ezpondaren zazpi fronterik ezegonkorrenetan buloiak txertatzen hasiko dira; horretarako, 12-14 metro luzeko altzairuzko barra zilindriko batzuk sartuko dituzte, iltzeak balira bezala, eta horiek tenkatu eta arrokaren barruan finkatuko dira, luiziak saihesteko.

150 metro luzeko pantaila dinamikoa ere jarriko dute mendiaren hegal osoan. Babes sistema hori zuzenean ezpondara ainguratzen da zutoin bertikal batzuen bidez, eta goiko aldeko sarea gai da tamaina handiko harri-jausi baten inpaktua eta karga xurgatzeko. Hala, harriren bat askatuko balitz, hura saretan atxikita geratuko litzateke, eta ez litzateke kalera iritsiko.

Bestalde, "kaliforniar drainak" deritzenak jarriko dituzte, ezpondaren barruan urik pilatu ez dadin. Izan ere, urak presio handia eragingo luke eta horrek lur mugimenduak eragin ditzake.

Aldaketak trafikoan

Obra osoak zazpi jarduketa-eremu aurreikusten ditu ezponda egonkortzeko buloiak jartzeko,  eta bi etapa pantaila dinamikoa instalatzeko 150 metrotan zehar. Lan guztiak lau fasetan banatuko dituzte: lehenengo hiruretan, buloiak jarriko dituzte, eta horrek hainbat aparkaleku kentzea eskatuko du, trafikoa bertatik igaro dadin eta egungo aparkaleku batzuetatik pasatuz desbidera dadin. Hala, makina zulatzaileak errepidetik aritu ahal izango dira lanean. Bestalde, azken fasean, pantaila dinamikoa jarriko dute, eta horretarako beharrezkoa izango da kalea erabat moztea.

Mozketa osoa 4 egunekoa izango da guztira, 2 eta 2ko zatitan banatuta, eta ezin izango da Goienkaleko eremu horretatik zirkulatu; beraz, ezingo da bide horretan aparkatu, ezta garaje pribatuetara sartu ere. Eremuak, faseak eta epeak plano honetan daude zehaztuta. Gainera, inguruko portaletan kokatuko dira, bizilagunek informazio osoa izan dezaten.

Honakoak dira lau faseak:

  1. fasea: 17 aparkaleku kenduko dira 8 egunez, A, B, C eta D eremuak burutzeko.
  2. fasea: 4 aparkaleku galduko dira 5 egunez, E eta F eremuak burutzeko.
  3. fasea: 4 aparkaleku galduko dira 5 egunez, G eremua burutzeko.
  4. fasea: kalea moztuta egongo da lau egunez; bi egun etapako. Pantaila dinamikoa instalatuko da eremu osoan zehar.

Aurreikuspenen arabera, obrek 22 eguneko iraupena izango dute, beraz, espero da lanak martxoaren amaieran, apirilaren hasieran bukatuko direla.

Aurrekontua eta lanen arduradunak

Ermuko Udalak modu subsidiarioan burutuko ditu obrak. Izan ere, Juan Carlos Abascal alkateak Informazio Batzordean azaldu duen moduan, “oraindik ez da modu frogagarrian egiaztatu nortzuk diren lurren jabeak eta, ondorioz, ezponda egonkortzeko lanen arduradunak”. Horregatik, eta segurtasun kontuengatik, Udala arduratuko da lanez, harik eta jabeen nortasuna argitu arte, eta orduan, faktura pasatuko zaie, lanen kostua beren gain har dezaten.

Obraren lizitazio-aurrekontua 110.853,67 euroan atera zen, BEZa barne, nahiz eta azken prezioa 100.000 eurotik behera eskaini eta jaitsi duen enpresa esleipendunak.

Lanen eta haien eraginen inguruko xehetasun guztiak Informazio Batzordearen bideoan ikus eta entzun daitezke (3. puntua, 04:59 minututik aurrera).

Lotutako albisteak

Imagen
09.05.25
Debre Berhan herri Etiopiarreko ordezkariak Ermuan ditugu

Bi egunez bisitan etorri dira herria berroneratzeko eta hazkunde demografikoari buruzko esperientzia ezagutzera
Imagen
03.04.25
San Antonioko igogailuaren obrak, hasierako lanetan

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak
Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da