Ermuko Udalak 20 milioi euroko aurrekontua onartu du 2020rako

12.03.20
Erakundea

Ermuko Udalbatzak 20 milioi euro inguruko Udal aurrekontua onartu du, behin-behinean, 2020. urterako. Gobernu Taldeak aurkeztutako proiektu ekonomikoak PSE-EE/PSOE (7) eta EAJ (4) alderdien aldeko botoak jaso ditu; EH Bilduk abstentzioa (3) aurkeztu du eta Elkarrekin Ermua (2) eta PP (1) aurka agertu dira.

Osoko bilkura martxoaren 9an egin da, astelehen honetan, eta Juan Carlos Abascal Candás alkateak aurkeztu du dokumentua, EAJrekin lortutako akordioaren ostean.

Aurrekontuen inguruko eztabaidan, Elkarrekin Ermua eta PP alderdietako bozeramaileek proposatu dituzten zuzenketa ezberdinak aurkeztu dituzte. Gainerako zinegotzien babesik izan ez duten arren, alkateak adierazi du proposamen batzuk azter litezkeela, aurrerago aurrekontu-aldaketa moduan sartu ahal izateko.

Udalaren aurrekontua 20.164.614,10 eurokoa da, aurreko ekitaldian baino 732.000 euro gehiago. Kopuru horri erakunde autonomoen aurrekontuak gehitu behar zaizkio: batetik, Udal Kirol Erakundea, 787.089,25 eurorekin; eta bestetik, Euskaltegia, 113.058,47 eurorekin.

Erakundearen eta haren erakunde autonomoen –UKE eta Euskaltegia– Aurrekontu Osoa, beraz, 21.064.762,42 eurokoa da.

Aurrekontuarekin batera, Udalbatzaren zerbitzura lan egiten duten langileen plantilla organikoa edo Lanpostuen Zerrenda ere onartu da.

Behin-behineko onarpen horren ondoren, akordioa Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten, eta hogei laneguneko epea zabalduko da balizko alegazioak aurkezteko. Epe hori igarotakoan, alegaziorik ez badago, dokumentua behin-betiko onartua izango da.

Osoko bilkuraren bideoakta lerro hauen azpian ikus daiteke. Gainera, dokumentazio guztia (aurrekontua, zuzenketak, lanpostuen zerrenda, etab.) kontsulta daiteke hemen.

Lotutako albisteak

Imagen
30.12.25
Ermuak 27,1 milioi euroko aurrekontua izango du 2026an

PSE-EE/PSOE (6), EAJ/PNV (3) eta PP (2) taldeen aldeko botoekin onartu da; EH Bildu (4) abstenitu eta Elkarrekin Ermuak (2) kontrako bozkatu du
Imagen
19.12.25
Ermuak 1.125.000 euroko dirulaguntza jasoko du Merkatuko plaza zaharra birgaitzeko

Eusko Jaurlaritzak atzo 8,3 milioi onartu zituen Ermuko, Eibarko, Elgoibarko eta Soraluzeko hainbat proiektuetarako
Imagen
19.12.25
Integrazioa eta harrera bultzatzen duten zazpi elkarte saritu dituzte Migratzaileen Nazioarteko Egunean

Eusko Jaurlaritzak Ermuan egindako ekitaldi batean banatu ditu sariak. Amurriok elkukoa hartu du datorren urterako