Obra publikoek babes neurriak zorroztu dituzte lanean jarraitu ahal izateko

27.03.20
Hirigintza

Azken hilabeteetan hobekuntza eta eraikuntza lan ugari jarri dira abian gure udalerrian. Nahiz eta une honetan Covid-19 birusaren osasun larrialdiak eragindako salbuespenezko egoeran gauden, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuak, Alarma Estatua deklaratzen duenak, ez du produkzio-jarduera geldiarazten.

Hori horrela, Ermuko Udalaren menpe dauden herri-lanek aurrera jarraitzen dute, beste hainbat jarduera eta sektoretan gertatzen den bezala, baldin eta kontrakoa agintzen ez bada.

Gainera, obrak Udalaren ekimenez geldiarazteak ondorio ekonomikoak izango lituzke erakundearentzat, aipatutako Errege Dekretuak ez baitu geldialdia babesten.

Egoera horrek, bestalde, betebehar gehigarri batzuk ditu, batez ere obrak egiteko moduari dagokionez – langileentzako babes bereziak, gutxieneko segurtasun-distantziak –. Materialen hornikuntzak moteldu egin dira osasun-krisiaren ondorioz, baina egoera zail horrek ere baditu abantailak lanen garapenari dagokionez.

Honako hauek dira gaur egun egiten ari diren lanak eta egiten ari diren modua:

  • Goienkaleko ezponda sendotzeko lanek duten abantaila nagusia da hasieran aurreikusitakoa baino eragin txikiagoa izaten ari direla zirkulazioan; izan ere, jendetza nabarmen murriztu da Alarma Estatua dela eta. Gainerakoan, normaltasunez doa obra.
  • Aldapakua baserriko obrak arrisku eta eragozpen gutxiagorekin egiten ari dira inguruan dabiltzan pertsonentzat, eta batez ere Eskolabarri ikastetxeko 2 urteko gelako erabiltzaileentzat; izan ere, eskolak bertan behera uztearen ondorioz, gurasoek eta umeek jada ez dute obra zeharkatu behar ikastetxera sartzeko. Beraz, gora-beherarik gabe doaz aurrera lanak.
  • Orbe Kardinala plaza estaltzeko lanak atzeratzen ari dira, kontratistaren erantzun egokirik ez delako jaso. Kontratua deuseztatzea planteatu du Udalak, baina bideraezina izango litzateke izapidetze-epeen eta esleipen berriaren ondorioz, eta, beraz, atzerapena obraren likidazioan zigortu edo/eta zehatu egingo da. Kasu honetan, Alarma Estatua neurri txikiagoan eragiten ari da plaza eta terrazen erabiltzaileengan. Obran azkarrago aurrera egiteko aukera ematen du egoera berri honek, baita erritmoak hobetzeko ere, espazio hori herritarrek lehenbailehen erabiltzeko eta gozatzeko prest utzi ahal izateko.

Hiru obra horiek Ermuko Udalak sustatzen ditu, eta, beraz, ez litzateke logikoa izango horietakoren bat gelditzea eta gainerakoek euren jarduera normaltasunez garatzen jarraitzea. Gainera, langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurri egokiak hartzen ari dira guztietan. Laneko Segurtasun eta Osasuneko koordinatzailea arduratzen ari da Errege Dekretuak barne hartzen dituen lan-legeria eta nahitaez bete beharreko neurri gehigarriak betearazteaz. Horregatik guztiagatik, kontrakoa agintzen ez bada, obrak egiten jarraituko da.

Aipatzekoa da, halaber, Goienkaleko ezpondari eusteko lanen garrantzi berezia. Izan ere, lan horiek beharrezkoak dira herritarrei ahalik eta segurtasun handiena emateko gertatu daitezkeen luizien aurrean.

Lotutako albisteak

Imagen
03.04.25
San Antonioko igogailuaren obrak, hasierako lanetan

Aurreikusitako bost hilabeteko epean amaituko dira eraikuntza lanak
Imagen
28.03.25
Udalak Lobiano Kultur Guneko klimatizazio sistema berritu du

Eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta eraikinaren kontsumoa optimizatzeko urrats bat gehiago da
Imagen
03.03.25
Betiondon egingo diren zuzkidura-apartamentuen proiektua aurreratua dago

Miguel de los Toyos Etxebizitza sailburuordeak eta Beatriz Gamiz alkateak proiektuaren egoera eta elkarlanerako bide berriak aztertu dituzte Ermuan egindako bileran