Zer egin dezakegu deseskaladaren bigarren fase honetan?

26.05.20
Hiritarren Segurtasuna

Euskal Autonomia Erkidego osoa deseskaladaren 2. Fasera igaro da astelehen honetan, hainbeste desio dugun normaltasun berrirako bidean. Testuinguru horretan, Ertzaintzaren Buruzagitzak eta Euskadiko Udaltzaingo guztiek osasun-alarmari buruzko irizpideen zerrenda eguneratua argitaratu dute, joan-etorriei, merkataritza-jardueren irekierari, irteera-ordutegiei eta antzekoei dagozkien neurriak zehaztuz.

Jarraian, herritarren ezagutzarako irizpide orokorrak azalduko dizkizuegu. Esteka honetan kontsulta dezakezue dokumentu osoa.

Gizarte-jarduerak

Merkataritza-jarduerak jendearentzat irekitzea

Alarma-egoeran itxita egon diren txikizkako establezimendu eta merkataritza-lokal guztiek, edozein azalera erabilgarri dutela ere, edukiera osoaren %40 ireki dezakete, bezeroen artean gutxienez bi metroko distantzia bermatuz eta higiene-neurriak hartuz. Distantzia hori bermatu ezin bada, bezeroak banan-banan sartuko dira lokalera. Gainera, 65 urtetik gorako pertsonentzako arreta lehenetsiko da.

Merkataritza-guneen kasuan, zentroaren edukiera %30era mugatuko da, eta barruan kokatutako merkataritza-establezimendu bakoitzarena, %40ra. Jolasguneak eta haurrentzako guneak itxita egongo dira.

Ostalaritza eta jatetxeak

Terrazak zabaldu daitezke, baimenduta dituzten mahaien %50a soilik eskainita eta mahaien artean gutxienez bi metroko tartea utzita. Mahai edo mahai multzo bakoitzeko gehienez hamar pertsona bildu ahal izango dira.

Astelehenetik aurrera, lokal barruan ere kontsumitu daiteke, gehienez ere %50eko edukierarekin eta mahaian eserita. Oraindik ezin da establezimenduko barran geratu.

Elkarte gastronomikoek eta txokoek ere ateak ireki ditzakete, gehienez ere ehuneko berrogeita hamarreko edukierarekin eta ostalaritzako eta jatetxeetako lokalen higiene- eta osasun-baldintza berberekin. Debekatuta dago diskotekak eta gaueko aisialdiko lokalak irekitzea.

Familia eta lagun arteko bilerak

Onartuta dago etxeetan, lokal pribatuetan edo erabilera publikoko espazio irekietan familia- eta gizarte-bilerak egitea 15 pertsonako mugarekin, osasun-agintariek ezarritako babes pertsonaleko eta distantzia fisikoko arauak errespetatuz.

Kultura- eta aisialdi-jarduerak

Museoek beren instalazioak ireki ahal izango dituzte, areto eta espazio publiko bakoitzerako aurreikusitako edukieraren erdira arte. Kultur etxeei, antzokiei eta zinemei dagokienez, edukieraren herena baimentzen da, 50 pertsonako mugarekin. Espazio irekietan, barrutiaren edukieraren herena izango da gehieneko edukiera, 400 pertsonako mugarekin, publikoa eserita, eta distantziak eta gainerako segurtasun-neurriak bermatuta beti.

Azoka txikiak eta nekazaritza-azokak

Elikagaiak, nekazaritzako produktuak eta abeltzaintzako produktuak saltzeko merkatu eta azoka tradizionalak baimentzen dira, osasun-neurriak betez. Aire zabaleko azoka txikietan, lehentasuna izango dute elikagaien eta premiazko produktuen postuek. Udalak postuak urruntzeko baldintzak ezarriko ditu, eta bezeroen joan-etorria mugatu beharko da, bi metroko distantzia soziala mantenduko dela ziurtatzeko.

Beilatokiak, kultu-lekuak eta ezkontzak

Beilatokiak mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, publiko zein pribatuetan, gehienez ere hogeita bost pertsonako mugarekin aire zabaleko espazioetan edo hamabost pertsonako mugarekin espazio itxietan. Kultu-lekuei dagokienez, edukiera %50era mugatuta egongo da. Nolanahi ere, osasun-agintariek ezarritako segurtasun- eta higiene-neurriak errespetatu beharko dira, gutxienez bi metroko segurtasun-distantzia mantentzeari, eskuen higieneari eta arnas etiketari dagokienez.

Ezkontza-zeremoniak, bestalde, mota guztietako instalazioetan egin ahal izango dira, aire zabaleko espazioetan edo espazio itxietan, betiere edukieraren ehuneko berrogeita hamar gainditzen ez bada eta, edozein kasutan, gehienez 100 pertsona aire zabaleko espazioetan edo berrogeita hamar espazio itxietan.

Hotelak eta ostatu turistikoak irekitzea

Eremu komunak jendearentzat berriz irekitzea baimentzen da, betiere edukieraren herena gainditzen ez bada. Animazio-jarduerak edo talde-eskolak hogei pertsonako gehieneko edukierarekin diseinatu eta planifikatu beharko dira, higiene- eta osasun-neurriak errespetatuz.

Joan-etorriak

Mugikortasuna lurralde historikora edo probintziara mugatzen da, salbu eta osasun-, lan-, enpresa-, hezkuntza- eta prestakuntza-arrazoiengatik, ohiko bizilekura itzultzeko, edo adineko senideak, mendekoak, ezinduak edo premia-egoeran daudenak bisitatu, zaindu eta artatzeko. Hala ere, joan-etorriak ahalik eta gehien mugatzea gomendatzen da.

Nahitaezkoa da maskarak erabiltzea, sudurra eta ahoa estaltzen dituzten higienikoak eta kirurgikoak, ahal bada, 6 urtetik gorako pertsona guztientzako. Maskarak bide publikoan, aire zabaleko espazioetan eta edozein espazio itxitan erabili beharko dira, baldin eta ezinezkoa bada pertsonen arteko segurtasun-tartea gutxienez bi metrokoa izatea. Pantaila babesleak ez dira maskaratzat hartzen.

Salbuespenak izango dira arnas zailtasunak dituzten pertsonak, behar bezala justifikatutako osasun-arrazoiengatik edo desgaitasun- edo mendetasun-egoeragatik kontraindikatuta dituztenak, erabilera bideraezin egiten duten jokabide-aldaketak dituztenak, maskara erabiltzearekin bateraezinak diren jarduerak egitea (elikagaiak eta edariak hartzea, korrika egitea eta txirrindularitza egitea), edo ezinbesteko arrazoiengatik.

Jarduera fisikoa

Ibilaldiak eta aire zabaleko kirol-jarduerak gehienez 10 pertsonako taldeetan egin ahal izango dira, pertsonen arteko gutxieneko distantzia bi metrokoa izanik. Jarduera probintziaren barruan egingo da (edo beste probintzia batzuetako udalerri mugakideetan, Ermua-Eibar kasu). Mendira joan edo beste kirol bat egin daiteke (adibidez, txirrindularitza), baita autoa erabiliz ere.

Herritarren mugikortasunerako aurreko faseetako ordu-tarteak bertan behera geratzen dira, baina 70 urtetik gorako pertsonek eta arrisku-taldeek lehentasuna izango dute erabilera publikoko guneetan, 10:00etatik 12:00etara, baita 19:00etatik 20:00etara ere.

14 urtetik beherako haurrak bizikidetza-unitatearekin atera ahal izango dira, edo, gutxienez, pertsona heldu arduradun batekin, ordu-tarterik gabe. Oraindik ezin da aire zabaleko haurrentzako jolas-espazioetara sartu.

Garraioa

Etxebizitza berean bizi diren pertsonek ibilgailu bera partekatu ahal izango dute baimendutako plaza-kopuruaren muga bakarrarekin, eta maskarak erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango. Bederatzi eserleku arteko ibilgailu pribatuetan, eserleku-ilara bakoitzeko bi pertsona joan ahal izango dira. Guztiak ez badira etxe berean bizi, nahitaez erabili beharko dituzte maskarak.

Garraio publikoan, derrigorrezkoa izango da erabiltzaile guztiek maskarak erabiltzea, eta komenigarria da sarbideetan, aretoetan eta itxarote-nasetan 2 metroko distantzia mantentzea.

Autobusetan, hutsik mantenduko dira beti gidariaren atzean kokatutako besaulkiak, banantzeko manpara bat dagoenean izan ezik. Bidaiari guztiek eserita joan behar dutenean, plazen okupazio osoa mugatuko da, bidaiariek elkarren ondoan eserleku huts bat izan dezaten. Arau honen salbuespen bakar gisa, elkarren ondoko eserlekuetan kokatu ahal izango dira elkarrekin bidaiatzen duten eta egoitza berean bizi diren pertsonak; kasu horretan, okupazioa handiagoa izan daiteke. Okupazioaren banaketan, arreta berezia jarriko da desgaitasuna duten pertsonentzako espazioen gaikuntzan.

Bidaiariak zutik garraiatzeko plataformak daudenean, ahaleginak egingo dira pertsonek ahalik eta distantzia handiena izan dezaten beren artean, eta erreferentzia gisa ezarriko da eserita dauden plazen erdia okupatzea, bai eta zutik bidaiatzeko gaitutako eremuan metro koadro bakoitzeko bi bidaiari okupatzea ere.

Lotutako albisteak

Imagen
31.05.24
3,5 tonatik gorako trafiko astuna mugatuta dago Ermuko BI-3344 errepideann

Udaltzaingoak Udalbatzak erabakitako debekuaren berri eman du eta 24 salaketa jarri ditu
Imagen
17.04.24
Ermuan indarra erabiliz egindako lapurreta-delitu batzuen ustezko egilea inputatu dute

35 urteko emakume bat epailearen esku utzi dute, hainbat lapurretan lortutako ondasunak gordeta edukitzeagatik


Imagen
25.03.24
Aste Santuko ordutegi bereziak udal zerbitzuetan

Herritarrentzako zerbitzu gehienak itxita egongo dira jaiegunetan