Jada birziklatu daitezke kafe-kapsulak mini garbiguneetan

08.03.21
Ingurumena

Plastikozko edo aluminiozko kafe kapsulen erabilerak nabarmen egin du gora azken urteotan. Orain arte, hondakin horiek errefusaren edukiontzi grisean uzten ziren eta ez ziren birziklatzen, baina gaurtik aurrera irteera bat eman ahal izango zaie birziklatzeko edo balorizatzeko.

Debabarrena eskualdean kokatzen diren 12 mini garbiguneek bi konpartimentu dituzte jada kafe-kapsulak uzteko: bata aluminiozkoentzat, eta bestea plastikozkoentzat. Kutxak bete ahala, Mankomunitateak garbigunera eramango ditu kapsulak, eta Nestle enpresak jasoko ditu birziklatzera eramateko. Nahi izanez gero, zuzenean Mallabirako bidean kokatzen den garbigunera ere eraman daitezke hondakinak.

Ermuak bi mini garbigune ditu herrian: bata Diputazio kalean, Merkatu plazaren albo batean, eta bestea San Antonion, ermitaren ondoan.

Nestlerekin hitzarmena

Zerbitzu berri hau Debabarreneko Mankomunitateak eta Nestlek sinatutako hitzarmenari esker ezarriko da, eta zerbitzuak ez du inolako kosturik izango herritarrentzat. Akordioak lau urteko iraupena du, luzatzeko aukerarekin.

Mankomunitatetik adierazi dutenez, "hitzarmen hau aurrerapauso bat da, lehen eskualdean birziklatu ezin genituen hondakinak birziklatzeko aukera ematen baitu. 2030erako gaikako bilketaren %70era iristeko helburua asmo handikoa da, eta horrelako ekintza txikiek norabide zuzena markatzen dute."

Aldaketak mugikorrentzako kutxetan

Mini garbiguneek 14 konpartimentu dituzte guztira, eta horietatik hiruk telefono mugikorrekin lotutako hondakinak botatzeko balio izan dute. Orain, bi kutxa kapsulak jasotzeko erabiliko direnez, mugikorren hondakinek konpartimentu bakarra izango dute. Gainerakoak honela mantendu dira:

  • 8 tiradera txiki, hauetarako:
    • Aluminiozko kapsulak
    • Plastikozko kapsulak
    • Bonbillak
    • Aerosolak
    • Erradiografiak
    • Pilak
    • Telefono mugikorrak, kargagailuak eta bateria txikiak
    • CDak eta DVDak
  • 6 kubo handi, honako hauetarako:
    • Kable elektrikoak eta txatar-bolumen txikia
    • Etxetresna elektriko txikiak (plantxak eta txigorgailuak)
    • Etxetresna elektriko txikientzako kubo gehigarri bat
    • Ordenagailu eramangarriak, bideo-joko kontsolak eta bideo-jokoak
    • 10 litrotik beherako edukiera duten pintura-poteak
    • Inprimagailuen kartutxoak

Lotutako albisteak

Imagen
17.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldia egingo Ermuan

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
04.11.25
Kaltxangoko biribilgunean hasi da deskontaminazio pasiboko proiektu pilotua

Helburua airearen kalitatea hobetzea eta puntu neuralgiko horretan ibilgailuen zirkulazioari lotutako kutsatzaileak murriztea da
Imagen
29.10.25
I Energia Eguna: ekintza eta parte-hartzea, energia eraldatzeko

Santa Ana auzoan gauzatu zen jardunaldia Klima eta Energiaren 2025 Astearen baitan