Zibersegurtasunaren eta IoTren arloko enpresen arteko lan-jardunaldia hartu du Izarra Centrek

24.09.21
Ekonomi Sustapena

Zibersegurtasuna kezka handia da gaur egun enpresa eta administrazio mota guztien artean, bai eta IoT (Internet of Things edo Gauzen Internet) soluzioen garatzaileen artean ere, horiei gero eta segurtasun-neurri gehiago eskatzen baitzaizkie eraso birtualen aurrean. Testuinguru horretan, Ermuko Udalak eta GAIA Ezagutza Industrien eta Teknologia Aplikatuen Klusterrak networking jardunaldia antolatu dute ostegun honetan Izarra Centren, eta zibersegurtasun eta IoT arloetako enpresek euren indarrak eta kezkak partekatzeko aukera izan dute.

Bi sektoreetako enpresen arteko lankidetza funtsezkoa da Euskadin aurkezten diren IoT irtenbideak benetan ziberseguruak izan daitezen diseinu eta konfigurazio aldetik. Hala, IoTko enpresek IoTBASQUE aliantzan bat egin duten bezala (IoTBASQUE Izarra LAB da horren adierazgarririk handiena), zibersegurtasun-sektoreko enpresek beste aliantza bat osatu dute, CYBASQUE elkartean forma hartu duena.

Jardunaldiak Euskadiko erreferentziazko 40 enpresa baino gehiago bildu ditu, bai zibersegurtasunaren arlokoak, bai IoT arlokoak. Topaketan, bi sektoreen indarguneak eta beharrak azaldu dira, eta taldeka, hiru lan-mahai antolatu dira, produktuaren, konektibitatearen, zerbitzuaren, arauen eta ziurtagirien zibersegurtasunaren inguruan hausnartzeko. Horrekin guztiarekin, agerian geratu da irtenbide teknologiko guztien zibersegurtasunaren aldeko kultura bat sortzeko beharra; izan ere, mundu konektatuago batek zibersegurtasun-irizpiderik ez badu, gure ingurune osoa ahulagoa bihurtzen du.

Behin ondorioak aurkeztuta, parte-hartzaile guztiek izan dute aukera Ermuak Izarra Centren hartzen duen IoT laborategia sortzeko eta dinamizatzeko egin den lana bertatik bertara ezagutzeko, eta oso pozik agertu dira.

Lehen topaketa horren ostean, elkarrekin lanean jarraitzeko konpromisoak hartu dira, teknologikoki aurreratuagoak eta ziberseguruagoak diren irtenbideak sortzeko, bai industriarako, bai smart city-rako.

Nabarmentzekoa da lehen hartu-eman hori Ermuan gertatu izana beste mugarri bat dela gure herriak digitalizazioaren, berrikuntzaren eta laugarren industria-iraultzarako trantsizioaren aldeko apustuan duen posizionamenduan.

Lotutako albisteak

Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat
Imagen
17.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldia egingo Ermuan

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik