Santa Ana auzoa hobetzeko gizarte eta teknologia berrikuntzako plana abiatu dute Ermuko Udalak eta Tecnaliak

26.12.22
Ekonomi Sustapena

Ermuko Udala eta Tecnalia ikerketa eta garapen teknologikoko zentroa elkarlanean ari dira Santa Ana auzoari bultzada emango dion berrikuntza sozial eta teknologikoko planaren diseinuan eta aplikazioan.

Auzoen behar berriek iraunkortasunaren, irisgarritasunaren eta erabilgarritasunaren estandar modernoetara eta bizilagunen eskakizunetara egokitzea eskatzen dute. Testuinguru horretan, Udalak eta Tecnaliak bi fasetan gauzatuko den plan berria jarri dute martxan.

Gaur egun gauzatzen ari den lehen fasea inguruaren garapen soziala eta ekonomikoa erraztuko duen metodologia bat diseinatzea da, irisgarritasuna hobetuz eta energia-eraginkortasuneko neurriak eta digitalizazio-tresnak ezarriz. Horretarako, auzoaren beharrak, erronkak eta aukerak identifikatzen ari dira, auzotarren parte-hartzearen bidez, haien bizi-kalitatea hobetzeko.

Gainera, prozesu hori aberastu egingo da Estoniako Elva barrutian, digitalki aurreratutako hiri gisa, eta Italiako Materako barrutietako batean, kultura- eta sormen-industrien erreferentziazko hiri gisa, gauzatutako antzeko beste esperientzia batzuekin.

Behin metodologia garatuta, ekimenaren bigarren fasea Santa Ana auzoan pilotu bat aplikatzea izango da, eta 2023ko otsailean hastea aurreikusten da. Helburua, gainera, eredu hori eskualdeko, estatuko eta Europako antzeko beste testuinguru batzuetan errepikatzea da. Santa Anako azterlanetik lortzen diren emaitzei esker, udalerri adimendunak, inklusiboak, energetikoki eraginkorragoak eta irisgarriagoak sortu ahal izango dira.

Ekimen honek Ermuko Udalaren eta Tecnaliaren arteko lankidetzaren jarraipena suposatzen du. Bi erakundeak duela urtebete hasi ziren elkarrekin lanean, Izarra Centre-ko IoT laborategiko zein inguruko beste enpresetako esperimentazio-ingurune bat sortzeko. Ingurune horretan, soluzio teknologikoen aplikazioak simulatu eta probatu ahal izango dituzte, benetan hedatu eta merkaturatu aurretik.

Santa Ana auzoko proiektua Europar Batasunaren Horizonte Europa (GA 101080025 zk.) programak babesten du, eta Ermuko Udalaren Promosa sozietate publikoaren, Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren, Estoniako Etxebizitza Kooperatiben Batasunaren (EKYL), Institute of Baltic Studies, Consorzio Materahub Industrie Culturali e Creative, Housing Europe eta Elva (Estonia) eta Matera (Italia) hirien laguntza du.

Lotutako albisteak

Imagen
27.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldiaren programa prest

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik
Imagen
21.11.25
2025eko Gabonetako erakusleihoen lehiaketa

Izen emate zabalik daude herriko merkataritza eta ostalaritza establezimendu ororentzat
Imagen
17.11.25
Energia Aurreztearen Ziurtagiriei buruzko jardunaldia egingo Ermuan

Abenduaren 3an Izarra Centre eraikinean, enpresa eta eragile nagusiak partaide izanik