Ermuko Acelera pyme Bizkaia Bulegoak probintziako enpresa txiki eta ertainen eraldaketa digitala bultzatuko du

23.02.23
Ekonomi Sustapena

20.000 biztanletik beherako Bizkaiko udalerrietako ETE-en eraldaketa digitala bultzatzea da Bizkaiko Acelera pyme Bulegoaren helburu nagusia. Bulego berriak doan emango ditu bere zerbitzuak, eta gaur goizean inauguratu dute, Ermuko Izarra Centren, Denis Itxaso Gobernuaren Euskadiko ordezkariak, Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak, Jose Ignacio Sanchez Red.es erakundeko Ekonomia Digitaleko zuzendariak eta Tomas Iriondo GAIA Klusterreko zuzendari nagusiak.

Espazio berriak Bizkaiko enpresa ertain eta txikiei (ETE) digitalizazio prozesuan laguntzeko elkargune izan nahi du, metodologia praktiko eta esperientziala aplikatuz. Horretarako, sentsibilizazio eta zabalkunde ekimenak eta jarduerak jarriko dira abian, jardunaldiak eta tailerrak antolatuz, baita orientazio eta aholkularitza zerbitzuak ere.

ETE, enpresa sortu berri, autonomo edo pertsona ekintzaileentzako doako zerbitzu bat da, eta, harremanetan jarri daitezke oapbizkaia.gaia.eus webgunearen bidez, 946 620 605 telefonora deituta edo posta elektronikoz, helbide honetan: soporte@oapbizkaia.gaia.eus.

Ermuko Acelera pyme Bizkaia bulegoaren koordinatzailea GAIA Klusterra da, Bizkaiko Foru Aldundiarekin, Ermuko Udalarekin eta Izarra Fundazioarekin lankidetzan, eta sustatzailea Red.es da, Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzaren bidez Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministerioari atxikitako erakunde publikoa. Acelera pyme Bulegoen sarea Red.es erakundearen ekimen bat da, eta, Bizkaiari dagokionez, Lurralde Historikoko 9 eragile baino gehiagoren babesa dauka.

Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak inaugurazio ekitaldian azpimarratu duenez, herrian bulego berria irekitzea Udalak tokiko sare ekonomikoaren digitalizazioa bultzatzeko eta laguntzeko duen estrategiaren barruan dago. Abascalek azaldu du Gobernuaren dirulaguntza horien helburua dela funtsezko hainbat arloren digitalizazioan aurrera egitea, horien artean egonik Interneteko presentzia, webgunearen diseinua, salmenta elektronikoa, bezeroen eta hornitzaileen kudeaketa, bulego digitala, sare sozialak, prozesuen kudeaketa eta automatizazioa eta zibersegurtasuna.

Alkateak horrelako ekintzen garrantzia azpimarratu du, Ermuko eta Bizkaiko enpresek aukera izan dezaten "gero eta ezarpen handiagoa duen eta enpresa txikientzat zaila den merkatu digitalean lehiatzeko; beraz funtsezkoa da horrelako laguntzak sustatzea, tokiko merkataritzaren prestakuntza eta garapena hobetzeko".

GAIAko zuzendari nagusi Tomas Iriondok, berriz, digitalizazioak erakundeen produktu, prozesu eta zerbitzuei lehiarako eskaintzen dizkien onurak gogorarazi ditu, horien dimentsioa edozein dela ere. "Funtsezkoa da Acelera pyme bezalako ekimenak abian jartzea, tamaina txikiagoko enpresei beren eraldaketa digitaleko prozesuan aholkuak eta laguntza emateko. Kasu honetan, gure Klusterra osatzen duten erakunde askok ezartzen dituzten soluzio aurreratuen eskaintza dagoen eskarira eta lehiakortasun beharretara hurbilduz", esan du.

Gobernuaren Euskadiko ordezkari Denis Itxasok adierazi duenez, "digitalizazioa arrakastaren sinonimoa da, eta duen potentzial handiak aukera emango die ETE-ei hurrengo urteetan produktibitatea %15-%25 handitzeko; izan ere, digitalizazioa, oraindik ETE-en artean oso zabalduta ez dagoen arren, abantaila izango da horren alde egiten dutenentzat. Imajinatu ere egiten ez zuten publiko potentzial bati irekiko diote beren erakusleihoa. Gehiago eta hobeto haziko dira. Atzean ez geratzeko duten gaitasuna aztertu ahal izango dute, eta marketin ekintza errazago eta eraginkorragoak landuko dituzte", esan du.

Acelera pyme bulegoaren helburuak

Inaugurazio ekitaldian nabarmendu den bezala, Bizkaiko Acelera pyme Bulego berriaren helburu nagusiak hauek dira:

  • Orientatzea: ETE batean eraldaketa digitaleko prozesu bat hasteko landu beharreko palanka eta teknologia nagusien ikuspegia eskaintzea.
  • Motibatzea: Digitalizazioaren joera nagusiak zein diren ulertzea, pertsonen, prozesuen, produktuaren/zerbitzuaren, merkaturatzearen eta marketinaren, bezero eta hornitzaileekiko harremanaren, logistikaren eta biltegiaren, azpiegituren eta horien segurtasunaren arloetan.
  • Digitalizazio esperientziak: Hainbat arlotako soluzio teknologikoak ezartzeko beste ETE batzuek izandako esperientziak, horiek ezartzetik lortutako onurak eta itzulkinak ezagutzea, eta oztoporik ohikoenak nola gainditu dituzten bertatik bertara ezagutzea.
  • Konpromisoa: ETE-etan eskala txikiko proiektu pilotuak hedatzea, planteatutako soluzio teknologikoak haien beharrari erantzuten diola egiaztatzeko eta baliozkotzeko.
  • Ebaluatzea: Agerian jartzea neurtu daitekeela eta neurtu egin behar dela, eta hori nola egin.

Lotutako albisteak

Imagen
28.04.25
Langile kopurua gehitu nahi baduzu edo lan bila bazabiltza...hemen duzu aukera

Enplegu-agentzia da irtenbidea; doako bitartekaritza-zerbitzua da, zeina hobetu egin duen
Imagen
04.04.25
HAZILAN +, laneratzeko programa

Kualifikaturik dauden pertsonentzako programa, enplegurako bi ibilbide dituena
Imagen
03.04.25
Ermuko TalenTIC 2025 jardunaldien egitaraua ixtear

Jardunaldiak ekainaren 11n eta 12an egingo dira Izarra Centren