Abian da Bookface udako lehiaketa
Ermuko Udal liburutegiak Bookface udako lehiaketa antolatu du hirugarren urtez, irakurketa eta argazkilaritza uztartzen dituen ekimena. Helburua pertsona bat liburu baten azalarekin "urtzen" den argazki bat egitea da, benetako irudia eta azalarena bat eginez. Beraz, irudimen pixka bat eta dibertitzeko gogoa besterik ez da behar.
Lehiaketa hiru kategoriatan banatzen da: 14 urtetik beherakoak, 15 eta 40 urte bitartekoak, eta 41 urtetik gorakoak. Parte hartzea oso erraza da: nahikoa da aurpegiak liburu baten azalarekin bat egiten duen argazki bat atera eta, izen-abizenak eta adina zehaztuz, biblioteca@udalermua.net helbide elektronikora edo WhatsAppera bidaltzea: https://wa.me/34943179212. Parte-hartzaile bakoitzak nahi adina argazki bidali ahal izango ditu.
Bookface lehiaketak hainbat sari banatuko ditu, eta irabazle bakoitzak liburu sorta bat eta udazkeneko programazioko Ermua Antzokiko ikuskizun baterako bi sarrera lortzeko aukera izango du.
Parte hartzeko epea irailaren 15ean amaituko da.
Lotutako albisteak
‘Arratsaldean Kontu kontari’ 17:30etan, Liburutegian Lur Usabiagarekin
Udalak bigarren hitzarmena sinatu du gaur UNICEFekin 2026-2029 aldirako
Ermuak haur eta gazteenekin duen konpromisoa sendotu du