Abian da Ermuko Haurren Kontseilu berria!
Bederatzigarren urtez jarraian, Ermuak Haurren Kontseilua izango du ikasturte honetan ere. Herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietako 2. eta 3. mailako 12 umek osatzen dute 2025/2026 ikasturteko talde berria, eta gaur osteguna, urriak 30, bildu dira lehenengo saioari ekiteko.
Begiraleekin batera elkar ezagutu ostean, Beatriz Gamiz alkateak harrera egin dio taldeari Ermuko udaletxean, eta aurten landuko duten erronka berria aurkeztu die haurrei: Errekalde ingurua egokitzeko eta aisialdirako gune bihurtzeko proposamenak lantzea.
Lehen bilkura honetatik aurrera, partaideak hilean behin bilduko dira, asteazken batean, maiatzera arte. Erronkari aurre egiteko bidelagunak izango dituzte, hala nola, udaletxeko teknikariak eta Ermua, Hiri Adeitsua Adineko Pertsonekin proiektuko kideak. Guztien lanari esker, Errekalde ingurua haurtzaroaren ikuspuntutik lagunkoiagoa izan dadin proposamenak landuko dituzte.
Haurren Kontseiluak, Ermuko Alkatetzaren organo aholkulari gazteenak, herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztien babesa du, eta lehen ediziotik hasita, guztiek parte hartu dute ikasturte bakoitzean.
Lotutako albisteak
5.000 eta 20.000 biztanleko udalerrien artean ekimenik onenarena jaso du
Euskararen Egunean, egindako jaialdian Ermua Antzokian
LHko 6. mailako ikasleak irabazi du eta udaleko Gabon mezuaren euskarri izango da