Abian da herriko argiteria publikoa hobetzeko Plan Bereziaren lehen fasea
Ermuko Udalak aste honetan hasi ditu argiteria publikoa hobetzeko Plan Bereziaren lehen faseari dagozkion lanak. Jarduera estrategiko horren helburua udalerriko argiztapen-sistema modernizatzea, energia-eraginkortasuna hobetzea eta espazio publikoan kalitate eta segurtasun handiagoa bermatzea da.
Lehen fase honetan 106.661,86 euroko inbertsioa egin da, eta udalerriko hainbat auzotan 209 argi ordeztuko dira, honela banatuta:
- Santa Ana eta San Roke: 85 unitate
- Okin Zuri: 27 unitate
- Errebalburu - Aldapa: 19 unitate
- Ongarai: 78 unitate
Gune hauek lehenetsi dira orain dela hamar urte baino gehiago instalatutako lehen belaunaldiko LED teknologiadun ekipoen galera nabarmena detektatu den eremuak direlako. Duela hiru urtetik hona, udal zerbitzu teknikoek konponketetan gorakada atzeman dute, eta horrek bultzatu du aldez aurretik berritzeko beharra.
Rosi Cid Hirigintza eta Zerbitzuetako zinegotziak esku-hartze horren garrantzia azpimarratu du: "Ermuan argiztapenaren kalitatea hobetzeko asmo handiko eta beharrezkoa den plan baten lehen urratsa da jarduera hau. Inbertsio arduratsua da, eta kontuan hartzen ditu bai irizpide teknikoak, bai herritarrek prozesu parte-hartzaileen bidez helarazi dizkiguten eskaerak. Udalerri seguruagoa, eraginkorragoa eta iraunkorragoa nahi dugu, eta hori lortzeko funtsezko tresna da plan hau".
Argiteria Publikoa Hobetzeko Plan Bereziak hiru jarduera-ildo nagusi jasotzen ditu:
- Argiak berritzea eraginkortasuna galdu duten auzoetan.
- Argiztapen urria edo argirik ez duten puntu beltzetako esku-hartzeak.
- Iragaitzazko espazioetan edo auzo-erabilerako eremuetan unean uneko hobekuntzak egitea.
Plana hiru urteetan osorik garatzeko aurreikusitako guztizko kostua 800.000 eurokoa da.
Lotutako albisteak
Lanak astelehen eta astearte gauean egingo dira, katenaria korronte elektrikorik gabe utzi behar delako
Zerbitzuz kanpo egongo da, astelehen goizetik astearte arratsaldera arte
Martxoaren 13ra arte ekarpenak@udalermua.net helbidera bidal daitezke