Asteartea ‘Gizarte Lanaren Munduko Eguna’ izango da

15.03.26
Erakundea
Gizarte Zerbitzuak
Gizartea
Ermuak herritarrei zuzendutako hainbat jarduerarekin ospatuko du

Udal Gizarte Zerbitzuek hainbat ekimen antolatu ditu ‘Gizarte Lanaren Munduko Eguna’ ospatzeko. Urtero martxoaren hirugarren asteartean ospatzen da, eta 2026 honi martxoaren 17a egokitu zaio.

Gizarte Lanaren Munduko Eguna mundu osoko gizarte-laneko profesionalen konpromisoa eta ekarpena aitortzen dituen nazioarteko jardunaldia da. Urtero Gizarte-erronken aurrean aldaketa-eragile, elkartasun-sustatzaile eta konponbideen eraikitzaile gisa betetzen duten eginkizuna nabarmentzeko aukera eskaintzen du.

Aurtengo ediziorako aukeratu den leloa honakoa da:  "Itxaropena eta harmonia eraiki. Harambee aldarria, banatutako gizartea batzeko". Swahili jatorrikoa den Harambee hitzak "elkarrekin tiratzea", "bat eginda bultza egitea" edo "elkarri laguntzea" esan nahi du, eta konpromiso kolektiboa, elkartasuna eta lankidetza eskatzen ditu desberdintasunei, krisiei eta gizarte-gatazkei aurre egiteko bide gisa.

Jardueren helburua Gizarte Zerbitzuak herritarrei hurbiltzea da, haien lana ezagutzera emanez, eta ongizatea, inklusioa eta gizarte-kohesioa sustatzeko egiten den lanari balioa ematea.

Jarduera bi; egunean bertan eta zortzi egun barru

Lehenengo jarduera martxoaren 17an egingo da, Patxi plazatxoan informazio mahaia jarriz. Mahaiak herritarrekiko topagunea izan nahi du, eta, bertan, Gizarte Zerbitzuetako profesionalek dauden baliabideei, programei eta laguntzei buruzko informazioa emango dute, zalantzak argituz eta udal zerbitzu honetatik zer egiten den eta biztanleek bertara nola jo dezaketen azalduz.

Bigarrenik, martxoaren 24an, 17:30ean, hitzaldi egingo da Lobiano Kultur Gunean, "Gizarte Zerbitzuak zuretzat ere badira" lelopean. Saio horretan Gizarte Zerbitzuak zer diren, zer laguntza mota eskaintzen duten eta zein egoeratan izan daitezkeen baliagarriak herritarrentzat azalduko da.

Jardunaldiaren helburua estereotipoak apurtzen laguntzea eta mezu argia zabaltzea da: Gizarte Zerbitzuak baliabide publikoa dira, eta edozein pertsonak jo dezake bertara bizitzako une desberdinetan.

Ospakizun honen harira, udal Liburutegiak erakusketa tematikoa jarriko du, gizarte lanarekin eta honek gizartean duen eraginarekin lotutako lan eta argitalpenak eskaintzeko. Erakusketa martxoaren 17tik 31ra arte mantenduko da zabalik, eta lanbide horren oinarri, erronka eta balioetatik hasi eta esku-hartze esperientzietara, gizarte-azterketetara eta justizia sozialari eta gizarteratzeari buruzko hausnarketetara bitarteko liburuak bilduko ditu.

Jarduera hauekin, Ermuko Udalak irisgarriak eta herritar guztien zerbitzura dauden gertuko Gizarte Zerbitzuekin duen konpromisoa berretsi nahi du.

Lotutako albisteak

Imagen
13.10.26
Kontsultatu Hautesle Errolda urriaren 12tik 19ra, azaroaren 29ko hauteskundeetarako zure datuak egiaztatzeko

Ermuko Udalak, azaroaren 29an egingo diren Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeei begira, Hautesle Errolda kontsultatzeko aukera eskaintzen die herritarrei urriaren 12tik 19ra bitartean, biak barne
Imagen
08.10.26
‘Ermua, Hiri Adeitsua Adinekoekin’ proiektuak 10 urte bete ditu adin guztientzako Ermua baten alde lanean

Talde Eragileak hamar urteko lana eta parte-hartzea ospatu ditu, eta adinkeriaren aurkako borroka jarri du erdigunean
Imagen
07.10.26
Ermuak udal zerga, tasa eta prezioak %2,3 eguneratzea eta gizarte-bonifikazioak handitzea proposatu du 2027rako

Proposamenak familiei eta baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonei zuzendutako laguntza-neurriak indartzen ditu; besteak beste, hobari berriak OHZan, Kulturan eta Kirolean, eta kultura-tarifak bere horretan mantentzea