Durangaldeko gazteek badute zer esan: martxan da Gaztekimen 2026
Zure ingurua hobetzeko ideiarik baduzu? Gustatuko litzaizuke zure eskualdeko erronkei aurre egiteko irtenbide berritzaileak proposatzea? Gaztekimen 2026 martxan da berriro, eta Durangaldeko gazteak beren proposamenak partekatzera eta inguruko erronkei aurre egiten laguntzera gonbidatzen ditu.
Ekimena Bizkaia Gazteak Durangaldea programaren barne kokatzen da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Durangaldeko Mankomunitateak eta Amorebieta-Etxano, Ermua eta Mallabiko udalek bultzatzen dute. Gazteen sormena, talentua eta parte-hartzea sustatzea du helburu, eskualdeko benetako arazoei eta beharrei erantzuteko irtenbideak bilatzen gazteak inplikatuz.
Berrikuntza gisa, aurtengo edizioan Durangaldeko enpresek proposatutako erronka zehatzak landu ahalko dira. Enpresek beren beharrak eta erronkak azaldu dituzte, gazteek horiei erantzuteko proposamen berritzaileak egin ditzaten. Parte-hartzaileek bi aukera izango dituzte: batetik, beren inguruan identifikatutako arazo edo behar bati erantzuteko ideia propio bat aurkeztea; bestetik, enpresek planteatutako erronketako bati irtenbidea proposatzea.
Proposamenek askotariko gaiak jorratu ahal izango dituzte, hala nola gazteen parte-hartzea sustatzea, mugikortasuna hobetzea, lanerako espazio osasungarriagoak sortzea, enpresetara talentu gaztea erakartzea, lanbide teknikoei buruzko estereotipoak haustea, ekintzailetza bultzatzea edo belaunaldien arteko ezagutza-transmisioa erraztea.
Lehiaketak 2.400 euro banatuko ditu saritan: 1.000 euro ideia propio batean oinarritutako proposamen onenarentzat, beste 1.000 euro enpresek planteatutako erronketako bati erantzuten dion proiektu onenarentzat, eta 400 euro amaierako ekitaldian aurkezpen onena egiten duenari.
Izen-ematea eta prozesua
Lehiaketan 18 eta 29 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal izango dute, 2026an 18 urte betetzen dituztenek barne, baldin eta Atxondon, Berrizen, Durangon, Elorrion, Garain, Iurretan, Izurtzan, Mañarian, Zaldibarren, Amorebieta-Etxanon, Ermuan edo Mallabian erroldatuta badaude edo udalerri horietako batean ikasten badute.
Izen-emateko epea 2026ko azaroaren 30era arte egongo da zabalik. Interesa dutenek Gaztekimen 2026 lehiaketan izena eman dezakete formulario honen bidez.
Proiektuak abenduaren 15era arte aurkeztu ahal izango dira. Abenduan, epaimahai batek proposamenak aztertu eta hamar proiektu finalistak hautatuko ditu. 2027ko urtarrilean, parte-hartzaileek tutoretzak eskatu ahal izango dituzte beren lanak hobetzeko eta ahozko aurkezpena prestatzeko. Ekimenari amaiera emateko, otsailean itxiera-ekitaldia eta sari-banaketa egingo dira Durangon. Bertan, hamar proiektu finalistek beren ideiak aurkeztuko dituzte, gehienez bost minutuko azalpenetan.
Gaztekimenek, horrela, aukera ematen die Durangaldeko gazteei beren ideiak proposamen zehatz bihurtzeko, inguruko beharrei erantzuteko eta eskualdearen etorkizuna eraikitzen aktiboki parte hartzeko.