Egunean behin partida bat jolastuz, sariak irabazi eta euskara sustatu

27.02.23
Euskara
Gizartea
Euskal Herrian arrakasta handia izan duen euskarazko jokoa da Egunean Behin. Bakarka jolastu daiteke, baina baita taldeka ere: lagunekin, familiarekin, lankideekin. Ermuan taldea sortu da, eta dagoeneko 236 parte-hartzaile ditu.

Egunean Behin euskarazko galdera-erantzunen jokoa da, telefono mugikorreko aplikazioa deskargatuz jokatzen dena. Egunean minutu pare batez euskaraz jolasteko aitzakia ederra da.

Jokoaren dinamika oso erraza da. Izenak dioen bezala, aplikazioak egunean behin partida bat jokatzeko aukera ematen du, eta bertan, hamar galdera ahalik eta azkarren erantzun behar dira. Asmatutako erantzun kopuruaren eta erabilitako denboraren arabera lortzen dira puntuak, beraz, erantzun zuzenak ematea eta azkartasuna, biak dira beharrezkoak puntuazio onenak lortzeko. Lehiaketak astebeteko iraupena izaten du, astelehenetik igandera: zazpi egun, zazpi partida. Puntuen arabera, asteko sailkapena zehazten da, eta astelehenero berriro zerotik hasten da lehia.

Galderei dagokienez, hainbat motatakoak daude: argazkian ageri den herria zein den identifikatzea, euskalki batean hitz jakin bat nola esaten den asmatzea, herrien biztanleria zehaztea, euskal pertsona ezagunei buruzko datuak, kirolari buruzko galderak, mundu zabaleko argazkiak herrialde batean kokatzea, artearen eta zientziaren inguruko xehetasunak, etab. Egunero hamar galdera besterik ez, beti desberdinak. Partida amaitzean, jakin-mina dutenak asetzeko, galdera bakoitzaren emaitza zuzena eta jatorria erakusten dira.

Erosketa txekeak Ermuko irabazleentzat

Bakarka nahiz taldean jokatzeko prestatua dago Egunean Behin aplikazioa. Taldeak sortzeko aukera baliatuz, Euskal Birusa kultur elkarteak Ermuko taldea sustatu du, eta jada 236 kide ditu egun.

Euskarazko aisialdiko plaza horretan, ermuarrei elkarrekintzarako eta partekatzeko aukera eskaintzea da helburua, herritarrek elkarrekin euskaraz jolastu dezaten topaleku bat.

Ermuko taldean sartzeko, deskargatu CodeSyntax enpresa eibartarrak sortutako aplikazioa telefono mugikorrera Google Play (Android) edo App Store (iPhone) zerbitzuen bidez edo https://eguneanbehin.app.link/thl6LmAfstb loturaren bitartez, eta taldeen atalean, sartu 3A8ECB giltza.

Asteko zazpi partidak amaitzean, puntuazio onena lortu duen taldekideak 30 euroko txekea jasoko du opari. Denboraldia amaitzen denean, asteroko irabazle guztien artean bi lagunentzako asteburu-pasa bat zozketatuko da.

 

 

Lotutako albisteak

Imagen
25.02.26
Indarkeriarik gabeko eta errespetuan oinarritutako jaien aldeko udal manifestua

Ermuko Udalbatzak Osoko Bilkuran testua aho batez onartu zuen bart iluntzean
Imagen
23.02.26
Ermuak etxebizitzen birgaitzea, alokairua eta eraginkortasun energetikoa bultzatuko ditu eskualdeko bulego ibiltariaren bidez

Herritarrek aholkularitza izango asteartero 8:15etik 12:15era Abiapuntu bulegoan; aldez aurretik hitzordua eskatu behar da
Imagen
23.02.26
Ikas ezazu lurrinak eta kosmetika naturaleko produktuak egiten

Gazteria Arloak doako gazte tailerra antolatu du. Izena emateak martxoaren 4ra arte zabalik