Ermua Antzokiak denboraldi berria aurkeztu du antzerkia, musika, zirkua eta umorea uztartzen dituen 20 proposamenekin

Ikuskizun guztietarako sarrerak irailaren 9an, asteazkenean, jarriko dira salgai, 09:00etatik aurrera
04.09.26
Kultura eta Gazteria
Ermua Antzokia

Ermuko Udalak Ermua Antzokiaren 2026ko irailetik abendura bitarteko programazioa aurkeztu du. Denboraldi honek 20 ikuskizun biltzen ditu eta kultura eskaintza anitza, kalitatezkoa eta adin, gustu eta interes ezberdinetako ikusleei zuzendua.

Hiru hilabete pasatxoz, Antzokiko agertokian antzerkia, musika, zirku garaikidea, umorea eta familia guztiarentzako ikuskizunak izango dira, baita bertsolariak eta gaur egungo gizartean dauden eztabaida eta gaiak lantzen dituzten muntaiak ere. Programazioak antzerki eta musikako izen ezagunak, euskal konpainiekin eta proposamen berriekin konbinatzen ditu, kulturara hurbiltzeko eta kulturaz gozatzeko modu ezberdinak eskaintzeko xedez.

Denboraldi berri honen protagonista izango direnen izenen artean Imanol Arias, María Barranco, José Sacristán, Carmen Morales, Yllana, Prímital Brothers, Ruper Ordorika, Karmento, Arco eta Pedro Pastor ditugu, programazio anitza osatzen duten beste artista eta konpainia batzuekin batera. Denboraldia irailaren 18an hasiko da, ZirKuSS euskal konpainiako Sustrai ikuskizunarekin, eta hilabete hauetan zehar antzerki, musika eta zirku proposamenak eskainiko ditu, euskal sorkuntzarekin eta lengoaia eszeniko berriekin batera.

Musikak pisu handia izango du, askotariko generoak eskainiz: blues, folk eta rock musika, kantautoreak eta baita genero ezberdinak fusionatzen dituztenak ere. Antzerkiari dagokionez, komedia eta istorio pertsonaletatik hasi eta gaurkotasuneko gaiei buruzko hausnarketara gonbidatzen duten muntaiak eskainiko dira. Azkenik, familiako guztiarentzako antzerkia, txotxongiloak, musika eta zirkua izango ditugu. Ohiko hitzorduekin osatuko da programazioa, hala nola, Bertso Jaialdia, Santa Zezilia eguneko emanaldia eta Lobiano Kultur Guneko blues zikloa.

Programazio anitza eta hurbilekoa

Beatriz Gamiz Ermuko alkateak nabarmendu duenez, "programazio honek oso ondo islatzen du Ermuarentzat nahi dugun kultura: hurbilekoa, anitza, kalitatezkoa eta publiko oso ezberdinetara iristeko gai dena. Ermua Antzokiak topaleku izaten jarraitzea nahi dugu, gozatzeko, hunkitzeko, barre egiteko, pentsatzeko eta esperientziak partekatzeko".

Programatutako 20 ikuskizunetatik zortzi musikalak dira eta hamabi eszenikoak. Era berean, programazioak euskarazko zein gaztelaniazko proposamenak ditu: zortzi ikuskizun euskaraz izango dira eta beste zortzi gaztelaniaz; gainerako laurak, berriz, testurik gabe edo beste hizkuntza batzuetan eginikoak dira.

Egileei dagokienez, ikuskizunetako bederatzi euskal konpainia edo artistak sortuak dira, hamar Estatuko gainerako tokietatik etorriko dira eta bat nazioartekoa izango da.

Sarrerak irailaren 9an jarriko dira salgai

Aldez aurreko sarrerak BBK/Kutxabank bidez edo Lobiano Kultur Gunera zuzenean gerturatuz lor daitezke, Lobianoren kasuan astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 21:00etara.

Ikuskizun bakoitzaren datei, ordutegiei, prezioei eta ezaugarriei buruzko informazio guztia albiste honekin batera PDF formatuan dagoen programaren liburuxkan kontsulta daiteke.

Programazio berri honekin, Udalak Ermua Antzokia eta Lobiano Kultur Gunea topagune eta kultur partaidetzarako gune gisa indartzen jarraitzen ditu, adin, gustu eta sentsibilitate ezberdinentzako eskaintza zabala eta irisgarria herritarrei hurbilduz.

Alkateak herritarrak “kultur programaz gozatzera eta proposamen berriak ezagutzera eta, batez ere, hilabete hauetan Ermua Antzokia bizitzaz betetzera" animatu ditu. Izan ere, bere hitzetan: “Hogei proposamen ditugu eta  kulturaz modu ezberdinetan eta Ermuan bertan disfrutatzeko aukera ugari”

Dokumentuak

Lotutako albisteak

Imagen
21.10.26
2026-2027 ikasturteko Haurren Kontseiluak lanari ekin dio gaur

Alkateak kideei harrera egin die eta Udala ezagutzea eta eragiten dieten gaietan hobekuntzak proposatzea izango dute erronka
Imagen
20.10.26
Carmen Moralesek Rocío Dúrcal omenduko du Ermua Antzokian

Ostiral honetan “Rocío Dúrcal es inolvidable” ikuskizuna ikusi ahal izango dugu Ermuan, musikaren, umorearen eta emozioen bidez, artistaren bizitza eta abestiak errepasatzen dituen emanaldia
Imagen
19.10.26
Asiako kultura, gastronomia eta tradizioak ezagutzeko tailerra Lobianon

Ermuko Udaleko Kultura Sailak Txinako eta Japoniako gastronomia eta tradizioak ezagutzeko tailerra antolatu du, 18 urtetik gorakoentzat. Azaroko astelehenetan izango da, 18:00etatik 20:00etara, Lobianon