Ermua, Haurtzaroaren Nazioarteko Egunarekin bat

20.11.25
Haur eta nerabeentzako informazio eskuorria argitaratu du Udalak, eta azaroaren 28an ekintza dibertigarriak izango ditugu plazan Hiri Hezitzaileen Egunaren harira

Gaur, azaroak 20, Haurtzaroaren Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Ermuak urteak daramatza umeen eskubideen alde lanean. Egun berezi honen harira, Haur eta Nerabeen II. Tokiko Plana zabaltzeko eta indartzeko ekintzak jarri dira abian Udaletik. Ekainean onartu zuen plan berria Udalbatzak, eta jarduera ildo eta ekintza sorta zabala jasotzen ditu Ermuko gaztetxoenen eskubideak babestu eta euren parte-hartzea bermatzen jarraitzeko.

Planaren edukiak errazago ulertu eta barneratu ahal izateko, informazio eskuorria argitaratu du Udalak. Dokumentua herriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe guztietara banatu da, ikasle guztiengana iritsi dadin. Hizkuntza gertukoan eta argian, haur eta nerabeei planaren nondik norakoak azaltzen dizkie, euskaraz nahiz gazteleraz, Udalak euren alorrean egiten duen lana ezagutu dezaten. Eskuorria udaletxean, Abiapuntun, liburutegian eta Lobiano Kultur Gunean ere jaso daiteke, eta formatu digitalean ere eskuratu daiteke hemen.

Azaroaren 20ko programaren barne, etxeko txikienen eskubideei merezi duten ikusgarritasuna emateko, Udal liburutegiak erakusleiho kulturala antolatu du. Sarrerako kristalean Planaren inguruko xehetasunak marraztu dira, eta barruan, haurrek euren eskubideen inguruko bi galdera erantzun ditzakete, erakusleihoan bertan ikusgai jarriz. Edonork bisitatu dezake instalazioa liburutegiaren irekiera ordutegian.

Haur eta gazteei zuzendutako ekintzen harira, datorren azaroaren 30a Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Eguna dugu, eta urtero bezala, jarduera dibertigarriak antolatu dira Orbe Kardinala plazan. Egun batzuk lehenago izango dira, azaroaren 28an, ostirala, eta 2 eta 12 urte artekoei bereziki zuzendutako hainbat tailerrez gozatzeko aukera izango dugu: aurpegia margotzeko txokoa Ermua-Mallabia institutuko ikasleekin, totebag-ak diseinatzeko espazioa, txikienentzako eraikuntza gunea eta "dibertxokeen" zirkuitua, besteak beste. Liburutegiko erakusleihoan haurrek euren eskubideen inguruan egindako gogoetak ere plazara eramango dira eta herritarrentzat ikusgai izango dira egun horretan. Ekintzak 17:00etatik 19:00etara burutuko dira, eta eguraldi txarra eginez gero, Merkatu Plazan izango dira.

Dokumentuak