Esperientzia profesionalen trukea Ermua-Mallabia OLHko institutuan

Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuko Ile-apainketa eta Estetika taldeak harrera egin die ostegun honetan Eibarko OLHUIko Sukaldaritzako Oinarrizko Eragiketen Profesionaltasun Ziurtagiriko ikasleei.
15 eta 17 urte bitarteko 15 ikaslek irudi pertsonaleko lan desberdinak egin dizkiete esperientziak trukatzera joan diren 22 eta 57 urte bitarteko lau gizonei eta hiru emakumeri. Horrela, sukaldaritzako ikasleek ilea tintatzeko, manikura egiteko, makillatzeko eta orrazkera ezberdinak luzitzeko aukera izan dute.
Esperientzia horrek gaitasun teknikoak sendotzeko eta bezeroari arreta emateko komunikazio-trebetasunak garatzeko balio izan die Ermua-Mallabiko ikasleei. Emandako zerbitzua eskertzeko, sukaldaritzako ikasleek hainbat bizkotxo mota prestatu dituzte: kanelazkoak, gurinezkoak, limoizkoak, etab.
Esperientzia-truke horren balorazioa ezin hobea izan da bi ikastetxeetan, eta parte-hartzaileen gogobetetze-maila 10etik 10ekoa izan da. Sukaldaritzako Oinarrizko Eragiketetako ikasleak oso gustura sentitu dira, taldeak emandako arreta eta akaberak bikainak izan baitira. Gainera, itzultzeko gogoz geratzen direla adierazi dute, eta batek jada datorren asterako tindaketak eta metxak egiteko hitzordua ere hartu du.
Eibarko ikasleek Sukaldaritzako Oinarrizko Eragiketen Profesionaltasun Ziurtagiria (HOTR0108) egin dute Eibarko Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan, Debegesarekin lankidetzan. Programaren %85eko dirulaguntza Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko Departamentuak ematen du, Elkar-EKIN Lanean 2022-2024 deialdiaren bidez, eta %15ekoa Debabarrena eskualdeko udalek.