ETSren kontzertua protagonista festa usainez jantzitako asteburu honetan

Ermua Santixauetako kultur programazioan murgilduta dago jada. Herriko jaiei hasiera ofiziala emateko ordu gutxi batzuk falta direnean, asteburuko agenda adin guztientzako hainbat jarduerarekin beteta datorkigu, ETS taldearen kontzertua ardatz hartuta.
Gaur ostirala, hilak 19, Santixauetako VI. Padel Txapelketak jarraituko du San Pelaioko pistetan 17:00etatik aurrera, eta Orbe Kardinala plazako frontoian lau t'erdiko pilota partidak jokatuko dira 18:00etan. Musikari dagokionez, 23:00etan, María Peláe abeslari malagarrak San Pelaio plazan eskainiko duen kontzertuaz gozatzeko aukera izango dugu.
Asteburuko egitarauko egun nagusia larunbata, hilak 20, izango da. 09:00etan Mallabiko San Pedro zelaian erakusketa-txakurren lehiaketa eta Santixauetako Padel Txapelketaren jarraipena hasiko dira. 10:00etan, Artarraik antolatutako Urko 69tan Ezetz! proba herrikoiari ekingo zaio; bertan, mendizaleek 69 minututan iritsi beharko dute gailurrera, denbora kalkulatzeko eta kontsultatzeko tresnarik erabili gabe. Ordu berean, Orbe Kardinala plazan, Betiondo klubak arku-tiroko probak aurkeztuko ditu, herritar guztientzat irekiak.
12:00etan, emakumezkoen Palma Boloko Santixauetako txapelketa jokatuko da San Pelaioko bolatokian, eta 16:30ean, mus txapelketa herrikoia Orbe Kardinala plazan. 19:00etan, Txindurri Dantza Taldearen emanaldia hasiko da.
Mar.Isk.Al.Dejaik Ermuko arratsalde-gaua dantzan jarriko du 20:30etik aurrera plazan, eta eguneko protagonistak, En Tol Sarmiento (ETS) arabarrak, San Pelaio plazako oholtzara igoko dira 23:00etatik aurrera. Ekorako boskotea euskaraz gehien entzuten den taldeetako bat da gaur egun, eta Euskal Herriko musika fenomeno garrantzitsuenetako bat. Bere doinu itsaskorrek gero eta publiko zabalagora iristen jakin dute. Besteak beste, Kaotiko, La Polla Records, Kortatu, Piperrak, Boikot eta Reincidentes taldeen eraginpean, taldeak 2005ean ekin zion ibilbideari punk-rock abestiak bertsionatuz eta bere kantuak konposatuz. 2025ean, 20. urteurrenean, agertokietatik erretiratuko dira aldi batez, baina larunbat honetan zuzeneko indartsu eta kementsuaz gozatzeko aukera izango dugu.
Azpimarratzekoa da 22:00etatik 01:00etara Puntu Morea jarriko dela San Pelaio kalean, eraso matxistak prebenitu, artatu eta laguntzeko herritar guztiei zuzendutako gunea. Informazio gune horretan gaian adituak diren bi profesional egongo dira, eta etengabeko koordinazioan egongo dira jai parekideak bermatzeko lan egingo duten eragileekin. ETSren kontzertuaren ostean, puntua Patxi plazara eramango da 01:00etatik 06:00etara.
Igandeko programazioari dagokionez, 10:00etan VI. Santixauetako Padel Txapelketako finalak jokatuko dira, eta 11:00etan aldi bereko xake partida azkarren erakustaldia izango da plazan.
Asteburuari amaiera emateko, bertako Kultur Etxeek nazioarteko musika eta dantza jaialdia eskainiko dute, Brasilgo Bale da Cultura Negra do Recife eta Hungariako Peter Slymes Peters Ilosvai taldeekin. Ekitaldia 19:00etan hasiko da Orbe Kardinala plazan.
Lotutako albisteak

"El segundo acto" eta "Misión Panda en África" ere ikusgai izango ditugu datozen egunetan

Txapelketak izaera ludikoa izango du, ekainean jokatuko eta izen-emateak maiatzaren 20ra arte egin daitezke

Aste honetan "La chica de las Aguja", "Por todo lo alto", "Un funeral de locos" eta "La Luz de Aisha" proiektatuko ditu