Foru Gobernuak ostegunean onartuko du Ermuko saihesbidearen behin betiko proiektua

05.05.26
Erakundea
Gizartea
Hirigintza
Mendebaldeko Saihesbidearen I. faseko –Urtiako- lanak urte amaieran hasiko dira eta 20,7 milioi euroko aurrekontua izango dute

Ermuko Mendebaldeko saihesbidearen I. faseko -Urtia- behin betiko proiektuak funtsezko mugarria gaindituko du aste honetan izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak maiatzaren 7an, ostegunean, onartuko baitu azken dokumentua, eta, beraz, obrak egin aurreko administrazio-prozesuari ekingo dio. Proiektuak Ingurumen Inpaktuari buruzko Txostena bazuen, eta informazio publikoaren prozesuan herritarren alegaziorik jaso ez duen arren, administrazioen lau ekarpen jaso ditu, horien artean Ermuko Udalarena.

Aurreikusitako kronogramarekin bat, eta lizitazio- eta esleipen-faseak amaitu ondoren, lanak urte honen amaieran hasiko dira. Horrela baieztatu dute Carlos Alzagak, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak, eta Beatriz Gamizek, Ermuko alkateak, gaur goizean proiektuaren nondik norakoak azaltzeko egin duten agerraldian.

Jarduketak 36 hilabeteko egikaritze-epea eta 20.777.458,17 euroko lizitazio-aurrekontua ditu, eta etorkizuneko Mendebaldeko Saihesbidearen lehen fasea da. Saihesbidearen trazadura osoak BI-3302 eta BI-2301 errepideak lotuko ditu Mallamendi mendian zehar.

Carlos Alzagak azaldu duenez, «lan estrategikoa da, Ermuko herriguneko zirkulazioa hobetzeko eta udalerriko industrialdeekiko lotura indartzeko. Bide-segurtasunean eta herritarren bizi-kalitatean aurrera egitea lehentasuna da Bizkaiaren kohesioa eta egituratzeko».
Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu horrekin «konpromiso irmoa» duela berretsi du foru-diputatuak, eta iragarri du II. fasea, Mallamendiri dagokiona, Urtiakoa amaitu eta berehala hasiko dela. «Proiektua, jada idazketa-fasean dago», erantsi du.

Alkatea tinko, saihesbide osoaren beharra aldarrikatu du

Bestalde, Beatriz Gámizek adierazi du iragarpen hori «urrats garrantzitsua» dela Ermurako; izan ere, «denbora luzez zain egon ondoren eta udalak etengabeko jarraipena egin ostean dator». Alkateak esan duenez, «behin betiko proiektua onesteak aukera ematen du aurrera egiteko, baina ezin dugu ahaztu proiektu horrek urteak daramatzala atzeratuta, eta herritarrek ziurtasuna behar dutela».

Horren harira, nabarmendu du udalak zorrotz izaten jarraituko duela iragarritako epeak bete daitezen eta azpiegitura hori ahalik eta lasterren gauzatu dadin. Era berean, hau azpimarratu du: «Ermuak irtenbide oso bat behar du, udalerriko erdigunetik trafiko astuna behin betiko ateratzeko, eta horixe izango da beti gure helburua».

Hiru biribilgune eta hiru egitura pasatzeko

Trazadura berria N-634 zaharrean dagoen puntuan hasiko da eta BI-3302 errepidean, Urtiako biribilgune berrian amaituko da; izen bereko udal-eraikinaren inguruan kokatuko den Izarrako biribilgunea eginez prest utziko da bigarren fasearekiko lotura. Ibilbideak hiru biribilgune nagusi izango ditu —Urtia, Izarra eta Zearreko—, baita hirigunera sartzeko errepide bat ere, dauden espaloiekiko lotura segurua bermatzeko oinezkoentzako ibilbide bat izango duena.

Jarduketak bi errei izango dituen galtzada bat aurreikusten du, bat noranzko bakoitzeko, metro bateko bazterbideekin eta tarte bakoitzari egokitutako diseinu-abiadurekin: 60 km/h saihesbidean, 30 km/h biribilguneetan eta 20 km/h hiri-sarbidean. Horri esker bateragarri egingo dira trafikoaren arintasuna eta bide-segurtasuna.  

Saihesbidearen lehen fase honek hiru igarotze-egitura garrantzitsu izango ditu. Lehenik eta behin, Urtiako zubibidea, 100 metroko luzera eta altzairuzko eta hormigoizko tipologia mistoa izango duena, izen bereko errekastoaren harana gainditzeko. Horri Urtia errekaren gaineko zubi berria gehitu behar zaio —Zubitegi erreka—, egungo egitura ordeztuko duena eta ibai-ibilgua hobetzen lagunduko duena. Eta, azkenik, zubia eraikiko da Izarrako ibarbidean, 36 metroko luzera izango duena eta proiektuaren etorkizuneko II. faserako trazaduraren jarraitutasuna bermatuko duena.

Proiektuak natura errespetatuko du

Proiektuak, gainera, eustormak egitea eta Zubitegi erreka hobetzeko hainbat jarduketa biltzen ditu. Jarduketa horiek bioingeniaritzako teknika berritzaileen bidez egingo dira, erriberako ekosistemak babesteko eta ibilguaren ahalmen hidraulikoa hobetzeko.

Proiektuaren ingurumen-ezaugarriei dagokienez, flora, fauna eta uraren kalitatea babesteko prebentzio- eta zuzenketa-neurriak jasotzen dira, bereziki Zubitegi errekaren inguruan; toki horretan ez da lanik egingo martxoaren 15etik uztailaren 31ra bitartean, bisoi europarra babesteko eremua delako.

Aldi berean, paisaia lehengoratzeko proiektua garatuko da, espezie autoktonoen landaketak barne hartuko dituena, hala nola harizti atlantikoa eta haltzadi kantauriarra; era berean, landareztatze naturaleko sistemak ezarriko dira ezpondetan eta ibai-ertzetan, bide berria bere ingurunean integratzeko eta eremuaren ingurumen-balioa indartzeko.

Dokumentuak

Bideoak

Lotutako albisteak

Imagen
13.10.26
Kontsultatu Hautesle Errolda urriaren 12tik 19ra, azaroaren 29ko hauteskundeetarako zure datuak egiaztatzeko

Ermuko Udalak, azaroaren 29an egingo diren Espainiako Gorte Nagusietarako hauteskundeei begira, Hautesle Errolda kontsultatzeko aukera eskaintzen die herritarrei urriaren 12tik 19ra bitartean, biak barne
Imagen
07.10.26
Ermuak udal zerga, tasa eta prezioak %2,3 eguneratzea eta gizarte-bonifikazioak handitzea proposatu du 2027rako

Proposamenak familiei eta baliabide ekonomiko gutxien dituzten pertsonei zuzendutako laguntza-neurriak indartzen ditu; besteak beste, hobari berriak OHZan, Kulturan eta Kirolean, eta kultura-tarifak bere horretan mantentzea
Imagen
02.10.26
Udalak adineko pertsonen proposamenak jasoko ditu Balerioko etorkizuna zehazteko

Parte-hartze saioak urriaren 7an eta 13an egingo dira, 17:00etan, Jubilatuen Etxean