Udalak adineko pertsonen proposamenak jasoko ditu Balerioko etorkizuna zehazteko
Ermuko Udalak parte-hartze prozesu bat jarriko du abian hil honetan, adineko pertsonen iritziak, ideiak eta proposamenak jasotzeko eta Balerioko espazioaren etorkizuneko erabilerak zehazteko. Saioak urriaren 7an eta 13an, 17:00etan, Jubilatuen Etxean egingo dira, eta bereziki 65 urte edo gehiagoko pertsonei zuzenduta egongo dira.
Ekimenak 2025ean egindako aurrekontu parte-hartzaileen prozesuari ematen dio jarraipena. Prozesu horren bidez, herritarrek 2026ko udal-aurrekontuko 250.000 euroen zertarakoa erabaki ahal izan zuten. 65 urte edo gehiagoko pertsonen artean babes handiena lortu zuen proposamena Balerioko terrazarako erabilera berriak zehaztea izan zen eta dagokion proiektua idaztea. Horretarako, 85.000 euro gorde ziren.
Orain, Udalak proposamen horretan aurrera egin nahi du, adineko pertsonen parte-hartze zuzena kontuan hartuta. Bi saioetan, espazioarentzat interesgarrienak iruditzen zaizkien erabilerak, antzematen dituzten beharrak eta etorkizunean Baleriok izan ditzakeen jarduera, zerbitzu edo ekipamendu motak ezagutuko dira.
Balerio, aldi baterako itxita
Balerio espazioa aldi baterako itxita dago gaur egun. Udalak ekainean hartu zuen neurria, espazioan gertatzen ari ziren erabilera desegokiek eragindako higiene- eta bizikidetza-arazoen ondorioz; besteak beste, bertan gaua ematea, alkohola kontsumitzea edo koltxoiak eta bestelako tresnak gordetzea.
Urrian egingo diren parte-hartze saioekin, beraz, beste urrats bat emango da etorkizun hori zehazteko, adineko pertsonen ikuspegia eta proposamenak jasoz. Izan ere, kolektibo horrek bultzatu zuen proiektu hau aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren bidez.
Lotutako albisteak