Gizarte- eta osasun-arretako profesionaltasun-ziurtagiriak prestatzeko ikastaroa
Ermuko Udalak izena emateko epea ireki du “Pertsonei etxean gizarte- eta osasun-arreta ematea” eta “Mendeko pertsonei gizarte-erakundeetan gizarte- eta osasun-arreta ematea” profesionaltasun-ziurtagiriak lortzeko prestatzeko ikastaroan parte hartzeko, EIEIko KEEPen bidez.
Proiektuak EIEIko KEEPetan parte hartzeko prestakuntza, izena emateko orientazioa eta prozesu osoan zeharreko laguntza eskaintzen die parte-hartzaileei, bai dokumentazioa kudeatzeko, bai prozeduraren fase ezberdinetan laguntzeko.
Gainera, lan-bizitzan KEEPetan parte hartzeko eskatzen den gutxieneko lanbide-esperientzia ez duten pertsonek, prestakuntza amaitu ondoren, 540 orduko prestakuntza-titulu pribatua, ez-ofiziala, lortu ahal izango dute. Titulu horrek KEEPetan parte hartzeko aukera emango die.
Prestakuntzak 436 orduko autoprestakuntza eta 104 orduko talde-trebakuntza presentziala uztartzen ditu. Autoprestakuntza banaka eta modu malguan egingo da, paperean emango diren materialetatik abiatuta: eskuliburuak, test motako fitxa-koadernoak, egia/gezurra galdetegiak, bideoak eta bestelako jarduerak. Astero landu beharreko edukiak zehaztuko dira, eta pertsona bakoitzak nahi duen unean eta tokian egin ahal izango ditu.
104 orduko prestakuntza presentziala lau orduko 26 saiotan banatuko da, larunbat arratsaldean 15:30etik 19:30era, Emakumearen Topalekuan (egutegi osoa atxikituta dago berri honetako irudietan). Saio horietan zalantzak argitu, edukiak indartu, gaitasun praktikoak landu eta eskuratutako ezagutzak ebaluatuko dira. Gainera, parte-hartzaileek tutore baten laguntza eta jarraipena izango dute, telefonoz, posta elektronikoz edo urrutiko beste komunikazio-bide batzuen bidez. Saioen egutegia albiste honekin batera dago eskuragarri.
Izena ematea eta baldintzak
Proiektua Ermuko pertsonei zuzenduta dago, eta emakume langileek lehentasuna izango dute. Besteak beste, honako baldintza hauek bete beharko dira: gutxienez 20 urte izatea, asteburuetako aurrez aurreko saioetan parte hartzeko prest egotea eta gaztelania ahoz zein idatziz behar bezala menderatzea. Horrez gain, EIEIko KEEPetan parte hartu ahal izateko ezarritako administrazio-baldintzak bete beharko dira.
Izena emateko epea urriaren 9ra arte egongo da zabalik. Interesa duten pertsonek Emakumeen Topalekuan eman beharko dute izena, bertara joanda edo telefonoz (943 17 10 30) harremanetan jarrita, informazioa eskatu eta izapidea egiteko.
Lotutako albisteak
Hainbat jarduera izango E28 ospatzeko
EHUren ‘Zientzia kaiera' blogeko materiala da, ikertzaile handien ondarea erakusten duena