Mozorrotutako koadrilen desfilea eta musika festak, 2024ko Inauterietako protagonistak
Ermuko Udaleko Kultura Sailak otsailaren 8tik 13ra ospatuko diren 2024 Inauterietarako egitaraua aurkeztu du. Festa koloretsu hauen agenda eta kartelak Victoria Ochoa 23 urteko artista madrildarrak egindako irudiarekin apainduta daude.
Programazioa otsailaren 8ko arratsaldean hasiko da, Eguen Zurin, oilarraren jolasarekin (16:00etan) eta DJ Xaibor-en diskofestarekin (17:30ean). Ostiralean, hilak 9, Hartza Egunaren txanda izango da. Bertan, hartzak desfilatuko du 18:30etik aurrera, udaletxetik abiatuko den kalejira alai batean.
Ekintzei dagokienez, egunik indartsuena larunbata izango da, 12:30ean koadrilen arteko mozorro lehiaketa-kalejirarekin hasita. 13:00etan Irulitxa txaranga gehituko zaio kalejirari, eta bazkariaren ostean, 17:30ean, txikienek askari goxoa dastatzeko aukera izango dute txokolatadan. 18:00etan haurrentzako berbena hasiko da Zirika Zirkusekin, ondoren beste kalejira bat egingo da Irulitxarekin 19:00etatik aurrera, eta haurrentzako mozorro lehiaketa 19:30ean. Lehiaketaren ondoren, jaiak DJ Maximunsekin jarraituko du, eta gauean, 23:00etatik aurrera, Los 40ren DJ Jaia ospatuko dugu.
Otsailaren 13an, asteartea, haurrentzako diskoteka izango da 16:30ean, erromeria Ekhy Taldearekin 19:30ean eta, jaiari amaiera emateko, Oihan Vega DJa izango dugu 23:00etatik aurrera.
Ekitaldi guztiak Orbe Kardinalaren plazan egingo dira. Programazio osoa beheko Dokumentuak atalean kontsulta daiteke.
Kuadrillen arteko mozorro lehiaketa-kalejira
Aurten ere, Ermuko Udalak koadrilen mozorro lehiaketa eta desfile dibertigarria antolatu du inauterietako larunbaterako. Aurreko urteetan bezala, adin guztietako pertsonek parte hartu ahal izango dute lehiaketan, gutxienez 10 parte-hartzaile dituzten taldeetan. Gaia librea da, baina taldekide guztiek elkarren artean erlazioa duten zerbaitetaz mozorrotuta joan beharko dute.
Desfilerako izen-emateak otsailaren 1ean, ostegunean, irekiko dira kultura@udalermua.net helbidearen bidez, aurrez aurre Lobiano Kulturgunean eta, desfilea baino 10 minutu lehenago, Orbe Kardinala plazan jarriko den mahaian. Eskatzailearen datuak, koadrilaren izena, mozorroaren gaia eta taldea osatzen duten pertsonen kopurua zehaztu beharko dira.
Sari bakarra egongo da: Kultura Sailak aukeratutako Ermua Antzokiko programazioko ikuskizun baterako sarrerak eta bazkaria bertako jatetxe batean taldeko kide guztientzat.
Xehetasun gehiago nahi izanez gero, kontsultatu lehiaketaren oinarriak orri honetako Dokumentuak atalean.