Santa Ana auzoko bulegoak etxeko zaintzei eta teknologiei buruzko tailerra eskainiko du

27.03.24
Informazio saioa apirilaren 10ean garatuko da 18:30etatik 19:30etara Lobianon

Santa Ana auzoko bulegoak, Lobiano Kultur Guneko erakusketa-aretoan kokatuak, hasi du bere ibilbidea informazio, arreta eta prestakuntzarako gune gisa. Bulego honen helburu nagusia Ermuko Udalaren drOp Proiektuarekin zerikusia duten gaiak aztertzea eta lantzea da, Santa Ana auzoko bizilagunen bizi-kalitatea eta hiri-espazioa hobetzeko eta modernizatzeko ekimen honen barne.

Dr0p proiektuari buruzko informazioa emateaz eta auzoko biztanleen zalantzak argitzeaz gain, auzo-bulegoak interesgarriak izan daitezkeen gaiei buruzko hainbat prestakuntza-saio antolatu ditu, "informazio-pilula" gisa. Lehenengo saioa apirilaren 10ean, asteazkenean, izango da, Nola zaindu nire burua etxetik teknologiaren bitartez izenburupean. Saio honetan, pertsonen segurtasuna, autonomia eta bizi-kalitatea indartuko duten etxeko laguntzako eta osasuneko konponbide teknologikoak erakutsiko dira. Etxean osasuna eta ongizatea sustatzeko eta, azken batean, bizitza errazteko, hiru tresna aurkeztuko dira sendagaiak hartzea kudeatzeko, indarra eta oreka ebaluatzeko eta pertsonak bideo-deien bidez konektatzeko. Bertaratzen direnek saioan zehar planteatzen diren irtenbideei buruzko informazioa jaso ahal izango dute, eta gai horretan adituak direnekin zalantzak argitu ahal izango dituzte.

Tailerra Lobiano Kultur Gunean izango da 18:30etatik 19:30etara. Auzoko bulegoak antolatutako dr0p proiektuaren barruan proba pilotu bat denez, saioa Santa Ana 1, 2 eta 3, San Roke eta San Isidroko bizilagunei zuzenduta dago; aurrerago, erantzunaren arabera, prestakuntza horiek herritar guztiei irekitzea planteatuko da. Parte hartu ahal izateko izena eman behar da helbide elektroniko honetara mezu elektroniko bat bidaliz: oficinadebarrio@udalermua.net.

Apirilean eta maiatzean, bulegoak hiru prestakuntza-saio gehiago eskainiko ditu:

  • Auzoko bulegoa, zure laguna birgaitze energetikorantz (apirilak 25)
  • Mapathon: herritarren partaidetza auzoa hobetzeko (maiatzak 7)
  • Zer da energia-komunitate bat? (maiatzaren 21a)

Santa Ana auzoa eraldatzeko eta garatzeko ekimena

Europako Batzordeak finantzatutako drOp proiektuaren helburua da 60. eta 80. hamarkaden artean eraikitako auzoak eraldatzea eta auzo moderno eta inklusibo bihurtzea, hiri-espazioa eta herritarren bizi-kalitatea hobetuz. Santa Ana auzoa proiektu honen pilotu bat da, eta gune horren garapena sustatzeko ekintzak eta ekimenak burutuko dira. Ekintza horien artean dago auzoko edo hurbileko bulegoaren irekiera.

Bulegoa Lobiano Kultur Guneko erakusketa aretoan kokatzen da behin-behinean, eta astelehenetan 16:00etatik 19:00etara eta astearte eta ostegunetan 10:00etatik 13:00etara eskaintzen du zerbitzua.

Auzo bulegoaren helburua Santa Anako komunitateari hainbat alderditan laguntzea da, besteak beste, drOp proiektuari eta haren ekimenei buruzko informazio zehatza lortzea, proiektuari lotutako partaidetza-prozesuetan eta erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea, erakunde publikoek eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko ematen dituzten laguntzei buruz informatzea, edo Santa Ana auzoan eta auzotik sortzen diren ekimen sozial eta/edo kulturalen topagune izatea.

Santa Ana auzoko drOp proiektuaren eremua bat dator 2019an egindako Hiri Berrikuntzako Plan Bereziaren (BEPB) jarduketa-eremuarekin, eta San Isidro, San Roke, Santa Ana 1, Santa Ana 2 eta Santa Ana 3 kale guztiak eta Goienkale kaleko 12. eraikina hartzen ditu.

Dokumentuak