Txakur-kakarik gabeko Ermua aldarrikatu du Haurren Kontseiluak

"Zure txakurra gustatzen zaigu, bere kaka ez!". Lelo horrekin, Haurren Kontseilua osatzen duten 13 umeek Ermuko erdiguneko kaleak igaro dituzte, 2024/2025 ikasturteko erronkari amaiera emateko: txakur-gorozkien bilketaren arazoari konponbidea ematea.
Zortzi hilabeteko lan gogorraren ondoren, Alkatetzaren organo aholkulari gazteenak sentsibilizazio kanpaina bat diseinatu du herritarrak, eta bereziki txakurra duten pertsonak, animalien kakak jasotzera kontzientziatzeko. Kontseiluko haurrek espazio publikoez gozatzeko eskubidea aldarrikatu nahi dute horrela, gorozkiekin zikintzeko arriskurik gabe.
Asteazken honetako aldarrikapen ibilaldian, Kontseiluak Orbe Kardinala plazan eta inguruetan entzutera eman dituzte euren proposamenak, eurek egindako pankarta eta petoekin jantzita. Gainera, txakurra duten pertsonei poltsa biodegradagarriak banatu dizkiete, gorotzak jaso eta kaleak garbi mantentzearen garrantziaz jabetu daitezen.
Kontseiluan parte hartu duten haurrek Beatriz Gamiz alkatearekin eta Ermua Hiri Hezitzailea proiektuan lan egiten duten pertsonekin batera igaro dituzte herriko kaleak, eta ibilbidea amaitu ostean, 2024/2025 ikasturtean zehar egindako lanagatik esker ona, diplomak eta opariak jaso dituzte. Alkateak gogorarazi die, halaber, maiatzaren 31n Miguel Angel Blanco kiroldegian egingo den haurren kanpaldian parte hartu ahal izango dutela. Ekitaldi hori ikasturte honetako eta aurreko ikasturteko Haurren Kontseiluen ideietatik abiatuta antolatu da, eta plaza guztiak ordu gutxi barru agortu dira.
Lotutako albisteak

Eskaerak irailaren 1etik aurrera aurkez daitezke eta laguntzek ia berrehun mila euroko zuzkidura dute

Sei helburu orokor eta 30 ekintza zehatz jasotzen ditu dokumentuak 2025-2028 epealdirako

Belaunaldien arteko tailerren bidez gatazkak saihesteko formulak landu dituzte