“Venusen erasoa”: 1972an Ermuko emakumeek egindako protesta gogora ekartzen duen komikia
Zer gertatzen da ikastetxe batek ateak ixten dituenean eta inork irtenbiderik eskaintzen ez duenean?
1972ko Ermuan, galdera horrek familia askori eragiten zien zuzenean. Udalerriak hazkunde demografiko handia izan zuen aurreko urteetan, eta hezkuntza-espazioen falta gero eta nabarmenagoa zen. Teresa Murga ikastetxea ixteak, eraikinean pitzadurak agertu ondoren, haur eta gazte asko ikasketekin jarraitzeko lekurik gabe utzi zituen.
Egoera horren aurrean, emakume talde batek itxaroten jarraitzeko asmorik ez zuela erabaki zuen.
Horietako asko Familia Formazio Zentroan biltzen ziren, gerora Emakumearen Sustapenerako Zentroa izango zen gunean. Han, arazoaz hitz egiten eta beren ahotsa entzunarazteko moduak bilatzen hasi ziren. Eskakizuna oso sinplea zen eta oinarrizkoa den zerbait aldarrikatzen zuen: beren seme-alabek baldintza duin eta seguruetan ikasten jarraitu ahal izatea.
Ordura arte, protesta edo aldarrikapenen bat egiteko, ohikoa Eibarrera joatea zen. Baina oraingoan beste urrats bat ematea erabaki zuten: protesta Ermuan egingo zen.
Zer gertatu zen ondoren? Nola lortu zuten emakume haiek beren ahotsa entzunaraztea? Eta zer lotura izan zuen haien mobilizazioak gaur egungo Ongaraiko eskolekin?
Istorio hau gure herriaren parte da eta gogoratzea merezi du. Emakumeen istorio bat, garai hartan ohikoa ez zen arren aldarrikapenak egiteko espazio publikoa hartu zutenena; aurrerapausoa eman eta Ermuan arrastoa utzi zuen mobilizazio baten protagonista bihurtu zirenena.
Ermuko historia, orain komikietan
Hori da “Venusen erasoa” komikiak berreskuratzen duen istorioa. Udaleko Liburutegiaren bidez Ermuko Udalak argitaratzen duen “Ermua binetetan” bildumako bosgarren komikia da honakoa. Bildumaren helburua udalerriaren historiako hainbat pasarte herritarrengana hurbiltzea da.
Bildumako ale bakoitza planeta bati lotuta dago, eta Ermuko hainbat istorio irudimenezko unibertso berezi batean batzen ditu. Oraingoan, Venusek 1972an beren seme-alabentzat irtenbide bat eskatzeko antolatu eta mobilizatu ziren emakumeak ditu protagonista.
Komikia “Ermutantes” liburuan jasotako kontakizunean oinarritzen da, libreki, Jesús López Villalba apaizaren lanean. Mikel Begoñak egin du gidoia; Kike Infame bilbotarrak, berriz, azala, eta Daniel Gojenolak koloreztatu du.
Azalak, gainera, Eugène Delacroixen “Herriaren gidari den askatasuna” (La libertad guiando al pueblo) obra ezaguna berrinterpretatzen du, B serieko zinema-kartel baten estetika emanez, bildumaren unibertso bereziarekin bat eginez.
Ezagutu istorioa
“Venusen erasoa” komikiaren 500 ale argitaratu dira. Horietako batzuk udalerriko ikastetxeetan banatuko dira, eta gainerakoak Ermuko Udal Liburutegiko erakusmahaian egongo dira eskuragarri.
Komikia formatu digitalean ere kontsulta daiteke Liburutegiaren webguneko Tokiko Bilduma atalean. Gainera, albiste honi erantsitako dokumentu gisa dago eskuragarri.
Komikiaren orrialdeen bidez, 1972an emakume talde batek besteek beren izenean hitz egin zezaten zain ez egotea erabaki zuenean zer gertatu zen ezagutzeko gonbidapena egiten dizuegu.
Lotutako albisteak
Laukoteak urriaren 17an, larunbatean, joko du Lobiano Kulturgunean, 20:00etan
Granadako abeslari eta konpositoreak kontzertua emango du urriaren 16an, 20:30ean. Bere musikan, letra landuak, soinu akustikoak eta rock melodikoa uztartzen ditu
Aste honetako zinema-programazioak lau film-proposamen eskainiko ditu Ermua Antzokian, publiko mota guztientzat: jatorrizko bertsio azpititulatuko zineklub-saio bat, bi film komertzial eta familia osoarekin gozatzeko abentura bat